Behi enterotoxemia

Enterotoxemiak, hestean biderkatzen diren Clostridium generoko bakterioen toxinek eragindako gaixotasunak dira. Hausnarkarietan, espezierik garrantzitsuena Clostridium perfringens da, espora gisa mantentzen den bazilo anaerobioa, zeina urdinez tindatzen den koloragarri zehatz batzuen bidez (Gram tindaketa). Heste barruan aldeko baldintzak daudenean, Clostridium perfringens biderkatu egiten da eta odolera pasatzen diren toxina desberdinak sortzen ditu. Ondorioz, toxina hauek, organo ezberdinetara (birikak, garuna) iritsi daitezke, bertan, lesio larriak eragin ditzaketelarik. Ustiategi baten agertzen denean, bat-batean eragiten duten gaixotasun agerraldi oso larriak sortzen ditu bigantxetan, galera ekonomiko altuak eraginez.
Clostridium perfringens, 5 motatan sailkatzen da (A, B, C, D, E) toxina bakarra edo hainbat sortzeko duen gaitasunaren arabera. Sortzen dituen toxina hauei “nagusiak” (alfa, beta, épsilon, iota) deritze:

Cl. perfringens motak Alfa toxina Beta toxina Epsilon toxina Iota toxina
A +
B + + +
C + +
D + +
E + +

Bakterio hauen ezaugarri garrantzitsu bat da, heste-mukosan ohiko komentsal gisa mantendu daitezkeela gaixotasuna eragin gabe. Alabaina, oreka honetan aldaketak gertatzen direnean, (adibidez, elikaduran bat-bateko aldaketak; esne asko hartzen duten bigantxetan) bakterioak biderkatu egiten dira zenbakia asko handituz eta gaixotasunaren erantzule diren toxinak sortzen eta jariatzen hasten dira.
A motako Cl. perfringens-ek eragindako enterotoxemia: behi-aziendan A motako enterotoxemiak jokatzen duen papera eztabaidan dago, animalia osasuntsu zein gaixoetan antzeman daitekeelako.

B eta C motako Cl. perfringens-ek eragindako enterotoxemia: enteritis nekrotikoa eragiten dute behietan, maiz bigantxetan baina baita helduetan ere.
D motako Cl. perfringens-ek eragindako enterotoxemia: hau da ardietan gehien agertzen den enterotoxemia mota (bedajo), hala ere, behietan ez da hain ohikoa.
E motako Cl. perfringens-ek eragindako enterotoxemia: behien gaixotasun kasuetan deskribatua izan den arren, ez da sakonki ikertu.
Diagnostikoak lagin aproposen ikerketa histopatologiko eta mikrobiologikoa izan behar ditu. Clostridium perfringens bakterioaren isolatzeak berak, ez dauka diagnosirako baliorik. Bat datozen lesioak behatzeaz gain, isolaturiko anduiaren eta honen toxinen karakterizazioa ere beharrezkoa da. Helburu hau dela medio, enterotoxemia izatearen susmoa duten laginak ikertzeko, NEIKER-eko Animalia Osasun Saileko Laborategian PCR anizkoitz bat prestatu dugu. Lehen aipatu bezala, A mota da maiztasun handiagoz detektatu dena, hala ere, E mota ere antzeman da. Lagin kantitate handiago baten azterketak, gure inguruneko behien enterotoxemia kasuetan agertzen diren mota nagusiak zeintzuk diren jakiteko balio izango du. Lortutako informazioa berebizikoa izango da prebentzio-neurri egokiak ezartzeko, izan ere, gaur egun, hartzen diren neurriak, animalien immunizazio zuzenean eta egoera kritikoan hauen maneiu egokian dautza.

Informazio gehiago:
Uzal, F. (2013) Enterotoxemia bovina. XVIII Congreso Internacional ANEMBE de Medicina Bovina, Lleida, pp. 35-37

Argazkia: NEIKER Animalia Osasun Saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *