Azaroak 18, Antibiotikoen Zentzuzko Erabilerarako Egun Europarra: murriztu, ordezkatu eta berriro pentsatu hauen erabilera

Azaroaren 18an, Antibiotikoen Zentzuzko Erabilera egiteko Europako Eguna ospatu zen. Urtero egiten den ekimen europar honen helburua zera da, gizartea, antibiotikoek eragindako erresistentziek osasunerako suposatzen duten mehatxuaz eta baita hauen zentzuzko erabilerak duen garrantziaz ohartaraztea eta kontzientziatzea. 2008. urtetik, ECDC-k (Europako Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako Zentroa) bultzaturiko ekimen honek, 10. edizioa bete du eta datuak ez dira oso baikorrak. Izan ere, arazoa ez da konpondu, larriagotu baizik. Duela gutxiko datuek baieztatzen dute, Europar Batasunean, bakteria erresistenteek eragindako infekzioen kopurua handituz doala. Espainiar Estatuan, 2015. urtean, 2837 pertsona hil ziren antibiotikoen erresistentziarekin erlazionaturiko infekzioen bitartez. Beraz, bakteria iraunkorren barreiadura mugatzeko neurriak hartu ezean, epe laburrean honek izan dezakeen efektua hondamenezkoa izan daitekeela aurreikusten da.


Espainia, Europar Batasuneko lehendabiziko 3 herrialdeen artean kokatzen da bai Giza osasun eta baita Animalia osasunean antibiotikoen kontsumoari dagokiola. Ondorioz, egoera hau zuzendu ahal izateko, antibiotikoen zentzuzko erabilera bultzatzea beharrezkoa da, sendagai hauen erabilpen egokia lortzeko pertsonen eta animalien osasuna arriskuan jarri gabe. Hau horrela, Espainiako Sendagaien eta Osasun-Produktuen Agentziak (AEMPS), 2014tik “Antibiotikoen Erresistentziaren aurkako Plan Nazionala “ (PRAN) deritzon dokumentua gauzatzen dihardu. Bertan, NEIKER-eko Osasun Saileko ikerlariek parte hartzen dute. Antibiotikoen Zentzuzko Erabilera bultzatzeko Egun Europarraren ospakizuna dela eta, aurreko ostiralean, AEMPS-ek, dibulgaziozko jardunaldi bat antolatu zuen (hitzaldien esteka), antibiotikoak zentzuz erabiltzeak duen garrantziaz eta antimikrobianoekiko iraunkortasunak suposatzen duen arazoaren larritasunaren inguruan, gizartea eta profesionalak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan, estrategia europar eta estatu mailakoak, Autonomia Erkidegoko errealitatera egokitzeko konpromisoa hartu da, Antimikrobianoekiko Erresistentzien Kontrako Programa (RAM-EUSKADI 2017-2020) martxan jarriz. Programa honen barruan eta zehazki, Abeltzaintzari dagokion alorrean, administrazioko sail desberdinak (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, NEIKER, ELIKA) lanean ari gara, animalien gaixotasunen prebentzio eta kontrolean, albaitaritzako errezeta elektronikoaren abiaraztean, eta albaitarien eta abere ustiategietako langileen prestakuntza eta sentsibilizazioan, besteak beste.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *