Aurpegiko ekzema artzaintzari lotutako hausnarkarien gaixotasuna da. Bigarren mailako fotosentikortasunak eragiten du, horren ondorioz, dermatitis larriak agertzen direlarik, batez ere, geruza argiko animalietan. Sukarra, fotofobia, malko-jarioa eta sudurreko deskarga ematen da, belarri, betazal eta ezpaineko edemekin batera (batzuetan, buru osoan). Koadro honekin batera, aurpegiko pruritoa ere egon daiteke, eta egun gutxiren buruan ekzema, zarakar eta alopeziak sortzen dira ukitutako eremuetan. Adierazpen kliniko horiek, onddo saprofito (Pithomyces chartarum) baten toxinek eragiten dituzten lesio hepatikoen ondorio dira. Onddo hori, larreetan hildako landare-materiaz bizi da. Toxina horiek (esporidesminak) lesio hepatiko larriak eragiten dituzte, bai eta muturreko zirrosia ere, odolean filoeritrina metatzen delako, klorofilaren metabolito bat dena. Substantzia horrek, fotosentikortasun-erreakzioa eragiten du eguzkiak gehien jotzen duen gorputz-eremuetan. Gibeleko lesio makroskopikoetan, lobuluen atrofia osoa edo partziala, zirrosia eta perihepatitisa antzematen dira. Aldiz, gibeleko lesio mikroskopikoetan, hepatitis periportala, behazun-hodien degenerazioa eta nekrosia, eta fibrosi periportala, antzematen dira, besteak beste. Lesio hauen ondorioz, entzima hepatikoak aldatu egiten dira, bereziki GGT (gamma glutamil transferasa), gaixotasunaren azterketa epidemiologikoetarako adierazlea dena.
Pithomyces chartarum onddoa, landare hilen oinarrian hazten da. Uda amaieran eta udazken hasieran agertzen da arazoa, udako lehortearen ostean ematen diren udazkeneko eurien eraginez. Beroak eta hezetasunak onddoaren hazkuntza errazten dute, espora fungikoen kantitatea handitzen baita. “Arrisku-partzela” gisa deskribatu dira belarra lehortzeko eta hiltzeko joera duten partzelak; bertan onddoak kolonizazioa hasten dute, eta udazkeneko lehen euriteekin ugaritzen dira. Lur-zatien larratze intentsiboak handitu egiten du aurpegiko ekzemaren intzidentzia, larreak agortzea eragiten baitu. Onddoaren eta haren toxinen ugaritzea ere deskribatu da, larreak gramineoz osatuta daudenean.
Arazo hori 1980ko hamarkadaren amaieran deskribatu zuten lehen aldiz Euskal Herrian SIMA-ko (orain NEIKER) ikertzaileek, eta ikusi da antzeko klimatologia duten beste eremu batzuei eragiten diela, hala nola Asturiasi. Hala, Leongo Albaitaritza Fakultateko Animalia Patologiaren Saileko ikertzaileekin batera, lesio histopatologikoak xehetasunez deskribatzen dituen artikulu zehatza argitaratu berri dugu (Fernández et al 2021).