Gaixotasun hau Aladar Aujeszkyk XIX. mendearen hasieran (1902) deskribatu zuen Hungarian. Bitxia bada ere, lehen deskribapena ausnarkarietan egin zen, azkura handiekin lotutako nerbio-alterazio batzuen bila. Sintoma batzuk errabia kasuetan behatutakoekin bateragarriak zirenez, Aujeszky gaixotasuna ere pseudorrabia bezela ezagutzen da.
Herpesviridae familiako eta Varicellovirus generoko 1 motako herpesbirusa da eragilea. Mundu osoan barreiatutako gaixotasuna da eta ia ugaztun-espezie guztiei eragiten die, gizakiari eta beste primate batzuei izan ezik. Txerria eta basurdea dira infekzio era kronikoan manten dezaketen animalia bakarrak, kutsatzeko iturri nagusiak izanik. Gainerako animaliek bakarrik gaixotasuna pairatzen dute, baina heriotza-tasa oso handia da.
Birusak, suidoen artean, arnasbidea hartu ohi du ohiko sarreratzat, nerbio-sistema zentralera pasatu, nodulu linfatikoetan erreplikatu eta organismo osoan zehar banatzen delarik. Haragijaleetan, batez ere aho- bidez transmititzen da, infektatutako animalien gorpuak irentsi ondoren. Oso birus kutsakorra da, biremiako puntu-gailurretan kantitate handitan kanporatzen da sudur-exudatuen eta listuaren bidez, neurri txikiagoan eta aldizka berriz gernuaren eta gorozkien bidez. Inkubazio-aldia bi egunetik sei egunera bitartekoa da, zakur eta katuetan izan ezik, bi eta lau egun bitartekoa baita hauetan. Anduiaren, infekzio-dosiaren edo animaliaren adinaren arabera, txerrien forma klinikoak nerbio, arnasketa edo ugalketa motakoak dira. Gainerako espezieetan, batez ere lehenengo biekin lotzen dira.
Euskadiko basa-animalien osasun-zaintzarako planaren barruan sartzen da PCR teknikaren bidez Aujeszky birusa ehunaren laginetan atzematea eta ELISA teknikaren bidez serum laginetan birusaren aurkako antigorputzak detektatzea. Hala, NEIKERen 2010-2019 bitartean EAEn ehizatutako basurdeen 238 ehun eta 477 serum aztertu dira, prebalentziak PCRrentzat %0,4 eta ELISArentzat %11,5 izan direlarik. Ez dira zifra kezkagarriak, baina basurdeetan kontuan hartu beharreko gaixotasuna da.
Gaixotasun hau kontrolatzeko eta infekzioaren transmisioa ekiditeko funtsezkoa da ehizako hondakinak behar bezala kudeatzea, foru aldundi desberdinak sustatzen ari diren bezala.