Artropodo txikiak, gaixotasun garrantzitsuak

Bektoreen bidez transmitituriko gaixotasunak gaurkotasun-albisteen zerrendan daude. Bektore ezagunenen artean aurkitzen diren eltxo, flebotomo, zimitz edo kaparrak, animalia edo / eta pertsonetara transmititu daitezkeen patogeno gama zabal baten erantzuleak dira. 2016.urteko abenduan argitaraturiko estimazioen arabera, 2015.urtean paludismo, Anopheles generoko infektaturiko eltxoek gizakiari transmititu diezaioketen gaixotasuna, 212 milioi kasu erregistratu ziren eta 429.000 pertsonen heriotza eragin zuen. Hala ere, munduan, eltxoen eraginez hazkunderik handiena duen gaixotasuna dengea da, zeina ikaragarri areagotu den azkeneko hamarkadetan. Gainera, gaixotasun hau eremu berrietara zabaltzen den heinean, honek eragindako kasuen zenbakia ere handitu egiten da. Honen eraginez, izugarrizko indarra duten agerraldi epidemikoak gertatzen ari dira. Europak jada, aurre egin behar izan dio dengeak eragindako agerraldi autoktonoei. Izan ere, 2010. urtean Frantzian eta Kroazian transmisio lokala lehendabiziz jakinarazi zen eta Europako hainbat herrialdeetan kasu inportatuak detektatu ziren. Bai merkataritza eta baita bidaien globalizazioak ere, urbanizazioak eta ingurumen aldaketak eta aldaketa klimatikoak, berebiziko inpaktua edukitzen ari dira gaixotasun hauen transmisioan, orain arte existitu izan ez diren herrialdeetan agertzen ari baitira.

Urriaren 1etik 6ra bitartean 7th International Congress of the Society for Vector Ecology (SOVE) ospatu da Palma de Mallorcan, Universitat de les Illes Balears-ek (UIB) antolatua. SOVE (Society for Vector Ecology), 1968.urtean, bektoreen biologia eta kontrolerako egitarauan arduraturiko pertsonek osatutako erakunde profesional amerikarra da. Erakunde hau bektoreen biologia eta kontrolean aurkitu daitezkeen arazo konplexu asko konpontzera konprometitu da. Hauen artean, eragozpena eragin eta gaixotasunen bektore diren organismoen ezabatzea lortu nahi dute kontrolerako elementuen bitartez, hau da, ingurumen kudeaketa, kontrol biologikoa, hezkuntza publikoa eta kontrol kimikorako teknologia aproposak erabiliz. Kongresuak iraun zituen 6 egunetan zehar, zenbait gairen inguruan eztabaidatu zen, hala nola, bektoreen aldaketa genetikoa lortu ahal izateko teknika molekularrak, intsektizida eta uxagarriak, taxonomia, filogenia eta eltxoen identifikazio molekularra. Epidemiologia eta bektoreen kontrolaren inguruan martxan dauden Europako hainbat proiekturen helburuak ere aurkeztu ziren. Gai hauetan adituak direnekin batera, doktoretzako ikasleek euren lan esperimentalak aurkezteko lekua izan zuten. Gainera, “coffe breaks” tarteek, egunean aurkezten ziren 50 poster inguru, euren idazleekin ikusi eta eztabaidatzeko aukera eman zuten.

Animalia Osasun Saileko Ione Ortega eta Ana L. García-Pérez gure lankideak, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Saileko Joseba Goikolea, bertan egon ziren Bektoreen zaintza eta bektoreen bidez transmitituriko gaixotasunak II eta Taxonomia, sistematika eta bektoreen filogenia izendaturiko saioan “Surveillance of Aedes albopictus in the Basque-Country (Spain): Slow-spread during the period 2013-2016” posterra aurkezteko.

 Halaber, kongresuak, flebotomoak harrapatzeko erabiltzen diren teknika desberdinen inguruko informazioa batzeko balio izan zuen, Informazio Geografikoko Sistemen (GIS) erabilerak, tigre eltxoaren presentzia edo / eta eza antzemateko eta horrela, kontrol eta tratamenduen plangintza hobe bat egin ahal izateko erreminta bezala erabili, eta baita urte hauetan zehar gure autonomia erkidegoan lortutako emaitzak, Aedes albopictus-en zaintza, kontrol eta eltxo honek eragiten dituen arazoak txikiagotzeko lanean diharduten adituekin hitz egiteko.

Argazkia: Ione Ortega-Araiztegi (erdian) eta Joseba Goikolea (atzean ezkerrean) Katalunia eta Valentziako tigre eltxoaren aditu taldearekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *