Urtero legez, hilaren 2an, Arabako Foru Aldundiak Arabar ehiztarientzako Transferentzia Jardunaldi bat antolatu zuen. Bertan, Abeltzaintza Zerbitzuko Natxo Fernandezek 2015an eta 2016ko lehenengo hiruhilekoan gauzatutako Basa-Faunaren osasun-zaintzako planaren emaitzak eman zituen aditzera. Laborategiko emaitza aipagarrienak azaldu ondoren, ehiztarien esperientzia eta administrazio berarena partekatu zen, Arabako Foru aldundiak ehiza batidetan baztertzen diren materiale biologikoak jasotzeko sistema aintzindaria Euskadin ezarri du eta. Badira Arabako lurraldean, hogei bat geografi-puntutan, edukiontzi desberdinak zinegetika-hondakinak biltzeko. Oso interesgarria izan zen ehiztarien iritzia entzutea bai eta haiek proposatutako hobekuntzak hurrengo ehiza sasoirako, dauden baliabideak optimizatuz.
Bukatzeko, ehiztariek jasan ditzaketen kaparren kosken kezka ekiditeko, Animalia Osasuneko, gure lankidea den Ana L. García-Pérezek , hauek transmititu ditzaketen patogenoez eta prebentzio ta higiene neurriez hitz egin zuen. Espezie zinegetikoen artean, orein eta orkatzak dira kapar gehien dituztenak. Bestalde, ehiztariak ehizatzen diharduten parajeak, kapar hauek bizitzeko egokienak direlako, edo eta animalia kanalak prestatzen aritzen direlako, ehiztariek oso sarri artropodo hauen koskak jasateko arriskua izan ohi dute. Gai honetaz hitz egiteko arrazoietako bat, Avilan, abuztuan, gertaturiko kasu bat izan zen; kapar baten koskaren bidez, Crimea-Congo birusak eragindako Sukar Hemorragikoa diagnostikatutako kasua eman zelako. Hitzaldian aipatu bezala, Hyalomma generoko kaparrek transmititzen dute birusa eta oraingoz, Arabako lurretan genero honen presentzia urria da, beraz, egungo arriskua oso baxua da. Atxikiturik kasua eman ondoren, Osasun Publikoak igorritako oharraren linka (gaztelaniaz) (PDFa deskargatu).