Antibiograma albaitari klinikoaren euskarri gisa

Antibiogramak bakteriek antibiotiko bati edo talde desberdinei dieten erresistentzia edo suszeptibilitatea neurtzeko mikrobiologiako laborategietan egiten diren probak dira. Prozesu bakteriano batekin topatzean, antibiotiko egokiaren aukeraketan antibiogramak laguntza handia eskaintzen du. Epidemiologian bakterien erresistentzien agerpena ikertzeko eta hauen zabalkuntza monitorizatzeko ere erabiltzen da. NEIKER-ko diagnostiko laborategian antibiotiko bakoitzarentzat Gutxieneko Kontzentrazio Inhibitzaileen kalkuluan oinarritutako metodo semikuantitatiboa erabiltzen da. Ezarrita dauden ebakipuntu batzuen bitartez bakteriak sentikor, erdi-mailako edo erresistente bezala sailkatzen dira. Lan honetarako, 2016tik kasu kliniko desberdinetan NEIKER-en jasotako zepak aukeratu dira: E. coli (txahalen beherakoak), Pasteurella multocida (txahalen neumoniak), eta Streptococcus dysgalactiae eta Streptococcus uberis (ardien mastitisak). E. coliaren kasuan, zepen %9a amoxizilina/azido klabulaniko (betalaktamikoa) konbinazioari, %35 gentamizinari (aminoglukosidoa) eta ia %50 neomizina (aminoglukosidoa) eta baita enrofloxazinoari (kinolona) erresistenteak izan ziren. Emaitzarik txarrena flumekinarena (kinolona) izan zen, zepen %83ko erresistentziarekin. Gainera E. colien %17 Espektro Zabaleko Betalaktamasen (EZB) ekoizle zen. Entzima hauek ekoizten dituzten zepek penizilina eta antzerako antibiotikoak hidrolizatzen dituzte, baina kasu gehienetan azido klabulanikoarekin inhibituak izaten dira. EZB hauen garrantzia beraiek kodetzen dituzten genetan dago, gene hauek elementu mugikorretan (plasmidoak adibidez) aurkitzen baitira eta honek bakterien arteko gene hauen zabalkuntza azkarra ekar dezake. Pasteurella multocidaren kasuan ceftiofur (3. belaunaldiko zefalosporina) eta cefquinoma (4. belaunaldiko zefalosporina) antibiotikoei aislatu guztiak sentikor izan ziren. Hala ere, zepen %30 inguru gentamizinaren (aminoglukosidoa) eta marbofloxazinoaren (fluorokinolona) aurrean erresistente izan ziren, aldiz tetraziklinen aurrean portzentaia hau %67raino igo zen. Ardien mastitisen kasuan, Strep. dysgalactiaeren %20 eta Strep. uberisen %50 benzilpenizilinaren aurrean erresistente agertu ziren. Argi dagoela dirudi behi-klinikan lehenengo aukera diren antibiotikoen aurrean ohikoa dela erresistentziak aurkitzea. Honen ondorioz laginak laborategira bidaliz bakterien erresistentzia perfila jakitea beharrezkoa da, antibiotiko egokienaren administrazioa gomendatuz eta era honetan bakterien erresistentzien zabalkuntza sahiestuz.

Argazkiaren egilea: NEIKER- Animalia Osasun saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *