2022an Eltxo Inbaditzaileen Zaintza Programa, ekainaren 1ean hasi eta azaroaren 18an amaitu zen. Laginketa-estrategia ovitranpak 46 udalerritako hiriguneetan eta hiri-inguruetan kokatzea izan zen, Aedes eltxoen arrautzak detektatzeko. Hiri gehienak 10.000 biztanletik gorako populaziokoak izan ziren. Guztira 101 laginketa-puntu hautatu ziren, eta laginketa-puntu bakoitzean 5 ovitranpa jarri ziren eguzkiaren eta haizearen babesean, landaredian ezkutatuta. Ovitranpetan ura eta taulatxo bat jartzen da, eltxoek arrautzak errun ditzaten. Taulatxo horiek 15 egunean behin ordezkatzen eta aztertzen dira. Horrela, udalerri eta eremu bakoitza 11 eta 12 aldiz lagindu zen 23 astetan zehar (ekaina-azaroa). Laginketak Osasun Publikoko teknikariek egin zituzten, baita Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Guardiako udaletako teknikariek ere. Aedes inbaditzaileen arrautzak bilatzeko taulatxoen azterketa NEIKERen egin zen. Arrautzak ikusiz gero, arrautza horien zenbaketa egiten zen, eta taulatxo positiboen aukeraketa bat gordetzen zen, arrautzetatik larbak eklosionatzeko eta ondoren, eltxo helduetara mudatu eta eremu bakoitzean dagoen Aedes espeziea identifikatzeko. Laburbilduz, esan dezakegu 2022an, Aedes generoko eltxo inbaditzaileen banaketa zabala egiaztatu dela EAEn. Gainera, taulatxoen, ovitranpen eta laginketa-eremu positiboen kopuruak gora egin du 2021eko emaitzekin alderatuta, eta horrek adierazten du espezie horiek urtetik urtera aurrera egiten ari direla gure lurraldean. Gainera, 2022ko udan izandako bero-boladek nabarmen areagotu dute Ae. albopictus-en (tigre-eltxoaren) jarduera. Aedes japonicus espeziearen banaketa ere zabala izan da, baina bero-boladek eragin negatiboa izan dute, tenperatura baxu edo moderatuetara hobeto egokitutako espeziea baita.
Datorren ekainean hasiko da 2023ko Zaintza programa, eta aurtengo berrikuntzetako bat da urtean zehar aztertuko diren zenbait gune zentinela. Gune hauek, zehazki jakinaraziko digute noiz hasten eta amaitzen den EAEn ditugun bi espezie inbaditzaileetako bakoitzaren jarduera-aldia.