Aedes eltxo inbaditzaileak EAEko hiri eta hiri-inguruko gradientean: Aedes japonicus espeziearen banaketa zabalaren ebidentziak

Europan eltxo inbaditzaileen (Aedes spp.) hedapenak gora egin du azken hamarkadetan. Euskadin, Aedes albopictus (tigre eltxoa) 2014an detektatu zen lehen aldiz, eta Aedes japonicus 2020an. Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzarekin eta Euskadiko udaletxe nagusiekin lankidetzan, azterlan bat egin dugu eltxo-espezie horien banaketa eta urbanizazio-faktoreekin duten lotura ebaluatzeko. Hala, 2021ean, 568 ovitrampa jarri ziren guztira Aedes eltxo inbaditzaileen arrautzak detektatzeko, 10.000 biztanletik gorako 45 udalerritako 113 laginketa-puntutan. Ovitrampetan jarritako obiposizio-oholtxoak hamabost egunean behin aztertzen ziren, ekainetik azarora bitartean, Aedes-en arrautzarik ba ote zegoen ikusteko. Aedes-en arrautzak zenbatu ziren, eta, ondoren, oholtxoen aukeraketa bateko arrautzak inkubatu ziren eltxoak heldu fasera garatu arte, hauek identifikatzeko. Arrautzen eklosioak arrakastarik izan ez zuenean, eltxo espeziea identifikatzeko teknika molekularrak erabili ziren.
Aedes albopictus-ek eta Ae. japonicus-ek banaketa zabala erakutsi dute, 23 eta 26 udalerritan daudela berretsiz, hurrenez hurren. Bi espezie horien konkurrentzia 11 udalerritan ikusi zen. Aedes eltxo inbaditzaileen presentziari buruzko azterketak, urbanizazio-mailari dagokionez (hirikoa, hiri-ertzekoa eta , hiri-igurukoa), agerian utzi zuen Ae. albopictus-ek hiri-inguruko eremuetan baino 4,39 aldiz aukera handiagoa zuela hiri-ertzeko eremuetan egoteko, eta Ae. japonicus-ek, berriz, hiri-inguruetako eremuetan egoteko aukera handiagoa zuela. Gainera, Ae. albopictus espeziearen presentzia biztanleria-dentsitate handiagoko udalerriekin lotu zen (batez bestekoa = 2.983 b/km2), eta Ae. japonicus espeziea, berriz, biztanleria-dentsitate txikiagoarekin lotu zen (batez bestekoa = 1.590 b/km2).
Aedes albopictus eta Ae. japonicus espezieen banaketa zabalak berretsi egiten du espezie horien hedapena eta ezarpena gure lurraldean, Europan Ae. japonicus espeziearen kolonizazio-eremu berri bat baieztatuz. Aedes eltxo inbaditzaileek osasun publikoan izan dezaketen eragina dela eta, eta gure emaitzen arabera, Aedes inbaditzaileen zaintza-programak eta kontrol-planak urbanizazio-gradienteak, ingurune-motak eta biztanleria-dentsitatea kontuan hartuta diseinatu beharko lirateke.

Informazio gehiagorako, argitalpenaren estekara jo daiteke: https://rdcu.be/dgSVs

Irudia: NEIKER-Animalia Osasun saila, BioRender (https://www.biorender.com/) programarekin eginda. Eltxoen irudiak: http://www.mosquitoalert.com 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *