Neutrofiloak bizitza laburreko zelula eraginkortzat hartu dira, patogenoak fagozitizatzeko gai direnak. Zelula immunologiko hauek mikroorganismoak harrapatu eta hiltzen dituzte oxigeno espezie erreaktiboen, jarduera antimikrobiano indartsuak dituzten entzima litikoen eta zelulaz kanpoko tranpak izeneko egituren bidez. Netrofiloak mikobakterioen infekzio lekuetan daudela jakin arren, mikobakterien aurka jokatzen duten defentsa papera ez dago guztiz garbi. Gai honetan sakontzeko eta bere doktorego prestakuntzaren baitan, Iraia Laderok, gure lankideak, 3 hilabeteko egonaldia egingo du Erresuma Batuko Royal Veterinary College-n.
Royal Veterinary College-k egindako ikerketek mundu osoan zehar eragina dute, gizakien eta animalien osasunean eta ongizatean, batez ere. Hilabete hauetan Iraiak Dirk Werling doktorearen gainbegirapean lan egingo du. Professor Werlingek, immunologia molekularrean adituak, animalia espezie desberdinetan berezko immunitate-erantzunaren ontogenia ikertzen duen taldea zuzentzen du immunitate naturalaren mekanismoak zehazteko helburuarekin. Sortutako ezagutzak etorkizunean ekoizpen animalientzako txerto berriak diseinatzeko balio dezake.
Egonaldia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak finantzatu du eta Iraiak EMBO beka (EMBO short-term fellowship) eta FEMS beka (FEMS Research and training grant) ere jaso ditu. Garai honetan egingo duen ikerketa proiektuak bere “Doktorego Tesi” lana osatuko du, “Paratuberkulosiaren eta beste patologien kontrola immunogeno berrien bidez: babesa, DIVA diagnostikoa eta tuberkulosiaren interferentzia”(INIA-RTA2017-00089 -00-00) proiektuaren barruan garatuta, ikertzaile nagusia Natalia Elguezabal doktorea izanik. Gainera, Royal Veterinary College-n egindako egonaldiak NEIKEReko Animalien Osasun Saileko ikerketa-taldearen gaitasun teknikoa zabaltzeko balioko du eta, aldi berean, etorkizunean kolaborazio lanak egiteko oinarriak jarriko ditu.
Argazkia: Neutrofiloak (urdiña) Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis-ari (berdea) elkartuz, mikrografiaren bidez ikusia. NEIKER- Animalia Osasun Saila