Urrian aurreratu genizuen bezala, NEIKERek “XLVIII Congreso Nacional y XXIV Internacional de la Sociedad Española de Ovinotecnia y Caprinotecnia (SEOC)” kongresuaren antolaketan parte hartzen ari da. Biltzarra urriaren 1etik 3ra izango da, Bilboko Bizkaia Aretoan. SEOCen biltzarrak izaera zientifiko-teknikoa du, eta erreferentziazko ekitaldia da estatu mailan hausnarkari txikien sektorean lan egiten duten profesionalentzat (unibertsitate, ikerketa-zentroak, albaitari klinikoak, teknikoak, etab.).
Biltzarrak bi jardunaldi eta erdi izango ditu, eta ardi- eta ahuntz-ekoizpeneko hainbat alorretako (osasuna, ekoizpen-sistemak, produktuen kalitatea, genetika, ugalketa, etab.) gaurkotasuneko gaiak jorratuko dituzten hainbat hitzaldi eta mahai-ingurutan parte hartu ahal izango da. Ostiraleko jardunaldian, ahozko komunikazioen hainbat saio egingo dira aldi berean, eta kongresu osoan zehar ikusgai egongo diren posterrekin batera, hainbat ikerketa-talderen aurrerapenak eta/edo berrikuntzak aurkeztuko dira, baita kasu klinikoenak ere. Baina pertsonak ez garenez zientziatik eta ezagutzatik bakarrik bizi, bertaratutako guztiekin harremanetan jartzeko denbora egongo da, eta zergatik ez, kolaborazio berrien oinarriak ezartzeko ere, kafe eta jatorduen etenaldietan.
Komunikazio bat bidaltzera animatzen bazarete, oraindik garaiz zaudete, baina ez “lokartu”!, aurkezteko epea apirilaren amaieran amaituko baita. Eta horrela ez bada, eta hausnarkari txikiengan interesa baduzue edo besterik gabe gustatzen bazaizkizue, kongresura joatera animatzen zaituztegu, ziur gustatuko zaizuela. Izena emateko epea laster irekiko da. Biltzarrari buruzko informazio guztia SEOCen webgunean aurki dezakezue.
