PyrTick proiektua: Akainen zaintza osasun publikoa eta animalia babesteko

Akainak edo kaparrak osasun publikoan eta animalia-osasunean garrantzitsuak diren hainbat patogeno transmititzen dituzte, hala nola, Lyme gaixotasuna, Anaplasmosia edo Piroplasmosia eragiten dutenak, eta haien banaketa aldatzen ari da klima-aldaketa bezalako faktoreen ondorioz.

Erronka honi aurre egiteko, aurten PyrTick proiektuari ekin diogu, akainen banaketa eta Pirinioetako osasun publikoan eta animalia-osasunean eragiten dituzten arriskuak aztertzeko lankidetza-ahalegina. Zaragozako Unibertsitateak gidatuta eta NEIKEReko Animalia Osasun Sailaren, INRAE ​​(Institut National de Recherche pour l’Agriculture, l’Alimentation et l’Environnement) eta Laboratoires des Pyrénées et des Landes-en lankidetzarekin, proiektuak Europar Batasunaren finantzaketa du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2021-2027).

PyrTick proiektuaren garrantzia honetan datza: Pirinioetan kaparrak zaintzeko mugaz gaindiko lehen sarea eratu da. Euskal Herrian 19 akain espezie inguru identifikatu dira eta, azken hamarkadetan parasito horien populazioa hazi egin den susmoa dagoen arren, ez dago uste hori baieztatzen duen ebidentzia zientifikorik. Horregatik, NEIKERetik laginketak egingo ditugu Euskal Herriko puntu batzuetan, hala nola Urkiolan, Gorbeian edo Aiako Harria Parke Naturalean, azken urteetan kaparren ugaritasunean aldaketarik izan den aztertzeko.  Datu horiek informazio historikoarekin alderatuko dira, populazioaren joera eta hazkunde posibleak eta parasito horiek daramatzaten agente infekziosoen prebalentzian aldaketak identifikatzeko.

PyrTick-ek ezagutza-hutsune hori akainen laginketa sistematikoekin bete nahi du, klimaren inpaktua monitorizatu, patogenoak aztertu eta osasun-erabakiak hartzeko arrisku-mapa prediktiboak sortu. Era berean, proiektuak kontzientziazio-kanpainak eta ziztadak prebenitzeko praktika egokien gidak garatuko ditu.

Ekimen honen aurrerapen eta emaitzen berri ematen jarraituko dugu!

Informazio gehiago lortzeko, bisitatu esteka hau

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *