Ion Iñaki Zendoia Beaumont gure lankideak doktoretza-tesia defendatu zuen joan den ostegunean, maiatzaren 9an, EHUn (Leioa), Bikain kalifikazioa lortzen. Tesia Ana L. García Pérez eta Jesus F. Barandika doktoreek zuzendu dute.
Coxiella burnetii bakterioak mundu osoan hedatuta dagoen Q sukarra izeneko zoonosia sortzen du eta ostalari sorta zabal bat infektatzeko gaitasuna dauka. Lurralde gehienetan (EAEn, besteak beste), etxeko hausnarkariak dira bakterioaren gordailu nagusia, eta giza Q sukarraren agerraldien jatorritzat jotzen diren espezieak, hausnarkari txikiak dira. Lau urteko prestakuntza honetan zehar, sortutako helburuak betetzeko, lau ikerlan egin dira. Horretarako, etxeko hausnarkari txikien C. burnetiiren infekzioaren epidemiologian eta baita lurraldeko basa-animalia espezie nagusien prebalentzian jarri da arreta. Bestalde, ingurune natural batean gertatutako Q sukarraren agerraldi baten jarraipena egin da. Ikerlan horietan, ingurune desberdinetan C. burnetiik bideragarri iraun dezakeen aldia ere ikertu da. Lehenengo ikerlanean, ukuiluen barruan jasotako hauts-laginak aztertuz Bizkaiko hausnarkari txikien ustiategietako C. burnetiiren prebalentzia ikertu da. Horietatik abiatuta, espezie horiei eragiten dieten C. burnetiiren genotipo nagusiak aztertu dira. Prebalentzia handiagoak hauteman dira artaldeetan, baina ingurumen kutsatuenak dituztenak ahuntz-ustiategiak izan dira. Hausnarkari txikien ustiategietan C. burnetiiren genotipo ugariena SNP8 izan da. Ondoren, ustiategien geolokalizazioa erabiliz, C. burnetiiren prebalentzia handieneko eskualdeak eta C. burnetiiren genotipoen banaketa geografikoa adierazi dira.
Gainera, azken urteetan Bizkaian izandako giza Q sukarraren agerraldien informazioa bildu da eta infekzio-iturria ezagutu zen agerraldi guztietan, ahuntz-azienda tartean dela ikusi da. Hori dela eta, Q sukarrak ume-botatzeen agerraldi bat sortu zuen ahuntz ustiategi batean, elkarren segidako zazpi erditze-aldiren C. burnetiiren infekzioaren zinetika eta progresioa aztertu dira (2. ikerlana). Ustiategian kontrol neurri ezberdinak ezarri dira, baina garrantzitsuena ezarritako txertaketa plana izan da. Hasieran, txertoa aurrera uzteko animaliei bakarrik jarri zaie eta, ondoren, taldeko immunitatea txikia dela ikusi denean, animalia guztiak txertatu dira. Agerraldiaren ondorengo lehen hiru erditze-alditan animalien C. burnetiiren iraizketa ehuneko handi batean baginako fluxuen eta gorozkien bidez detektatu da; esnearen bidezko iraizketa berriz, batez ere lehenengo erditze-aldira mugatu den bitartean. Txertatutako animalietan, batez ere lehenengo erditzeko animalietan, bakterio-iraizketa modu esanguratsuan murriztu dela egiaztatu da. Ustiategiaren ingurune-kutsadura ere ikertu da, eta kanpoaldean C. burnetiiren DNA lehenengo lau erditze-alditan detektatu da, barruan lehenengo seietan detektatu den bitartean. Coxiella burnetii bideragarriak ume-botatzeen ondorengo hirugarren erditze-aldira arte detektatu dira, bakterioa iraizten zuten animalien ehuneko handienarekin bat etorriz.
Bestalde, ingurune natural batean (Baltzolako haitzuloa, Bizkaia) C. burnetiiren ingurune-kutsaduraren jarraipena egin da, SNP8 genotipoak eragin duen eta Euskadin orain arte izan den giza Q sukarraren agerraldi handienarekin lotuta egon da (3. ikerlana). Ikerlan horrek giza Q sukarraren agerraldietan diziplina anitzeko talde batek, One Health ikuspegitik, ikerketan parte hartzearen garrantzia agerian jarri du. Koban jasotako hauts-laginetatik abiatuta egindako bideragarritasun-azterketa garrantzitsua izan da. Azterketa horren arabera, hezetasun handiko eta eguzkiaren zuzeneko erradiaziorik gabeko egoeran, C. burnetii gutxienez bi urtez bideragarri egon daiteke.
Gure lurraldean C. burnetiik eragindako infekzioen jarraipenak (4. ikerlana), ungulatu basatiak (orkatza, basurdea eta oreina) basa-zikloan C. burnetiiren gordailu nagusia izan daitezkeela adierazi du. Ikerlan honetan, EAEn lehen aldiz oreinetan eta zikoinetan C. burnetiiren DNA detektatu da. Era berean, emaitzak lehenagoko beste datu batzuekin alderatzean, hamarkada batean C. burnetiiren DNA prebalentziek ez dutela aldaketa esanguratsurik izan egiaztatu da. Basa-faunan antzemandako genotipoak EAEko etxe-hausnarkariekin partekatzen dira eta Euskadiko edota beste lurralde batzuetako giza Q sukarraren agerraldi eta kasuekin lotuta egon dira.
Beraz, tesi honen emaitzak kontuan hartuta, ondoriozta daiteke Euskadin Q sukarra kontrolatzeko oso garrantzitsua dela infekzioa kontrolatzea etxeko zikloan, baina baita basa-zikloan ere. Izan ere, basa-ungulatuek bakterioaren gordailu gisa jardun eta genotipoak etxeko hausnarkariekin parteka ditzakete, ingurune naturalean interakzio estuak izan baititzakete. Era berean, giza Q sukarraren agerraldietan C. burnetiiren infekzio-jatorri nagusia ahuntz-azienda dela dirudi. Prebalentzia handiko ustiategietan eta lurraldeetan infekzioa desagerrarazteko, zenbait erditze-alditan hainbat kontrol-neurri hartu behar dira. Txertaketa da garrantzitsuenetako bat, beste biosegurtasun-neurri batzuekin batera, C. burnetiiren bideragarritasuna ahalik eta azkarren murrizteko. Horrek guztiak, EAEn giza Q sukarraren intzidentzia gutxitzen lagunduko du; izan ere tesi honetan ikusi dugun bezala, C. burnetii giza agerraldi handiak eragiteko gai da.
Zorionak Jon! Animali Osasun sailetik zorte on opa dizugu zure etapa berrian.