Mycobacterium avium subsp paratuberculosis (MAP), gizakien hanturazko hainbat gaixotasun kroniko eta autoimmunerekin erlazionatu izan da, hala nola Crohn gaixotasuna, esklerosi anizkoitza, I motako diabetesa eta artritis erreumatoidea. Aldez aurreko ikerketek erakutsi dute antzekotasun handia dagoela MAPen antigenoen eta giza peptidoen artean, honek immunitate-sistema nahastu eta erantzun immunitario anormalak eragin ahal izanik, zeintzuk gaixotasun autoimmune zein hanturazko gaixotasun askoren ezaugarri diren gizakian. Hala ere, ez dira sakon aztertu MAPek kutsatutako gizaki zein behietan erantzun immunitarioaren desarautzea eragiten duten mekanismo amankomunak. Gizakietan gaixotasun asko mutazio puntualek eragiten dituzte, eta mutazio horiek eragina dute pre-mARNen transkripzio osteko prozesamenduan (splicing), proteina akastun edo erraz degradatzen direnak kodetzen dituzten mRNAk sortuz. Pre-mARN splicing-a intronak ezabatzean eta gene eukariotoetan dauden exonak spliceosoma izeneko erribonukleoproteina-konplexu baten bidez mihiztatzean datza. Genoman spliceosomak ezagutzen dituen tokiak eratzaileak ala alternatiboak izan daitezke, beti (eratzaileak) edo batzuetan (alternatiboak) ezagutzen direnaren arabera. Splicing alternatiboko gertaerek (SA) amaiera goiztiarreko kodonen agerpena eragin dezakete, adierazpen genikoan aldaketa garrantzitsuak eragin ditzakete eta gaixotasun infekzioso, hanturazko zein metabolikoen zuzeneko kausa izan daitezke.
Duela gutxi, ARNren sekuentziazio-teknologiak (RNA-Seq) patogenoz kutsatutako animalien edo gizakien genoma osoan gertatzen diren SAren gertaeren profila kuantifikatzeko aukera eman du, eta aldaketa hauek infektatu gabeko kontrol banakoenarekin alderatzeko. NEIKERen ikerketa bat egin da SERIDAren Animalien Bioteknologiako Zentroarekin lankidetzan. Zentro hau aitzindaria izan da RNA-Seq teknologia erabiltzen Holstein arrazako behien odol- eta balbula ileozekal-laginen SAren profilak kuantifikatzen MAPekin naturalki infektatuta dauden eta heste-ehunean lesio fokal edo lausoak erakusten dituzten animalietan, bai eta hauen profilak infektatu gabeko kontrol-animalien profilekin alderatzeko orduan ere. Ikerketa honetan identifikatuak izan ziren SAren lau gertaera esperimentalki baliozkotu ziren PCR digitalaren teknologiarekin. Identifikatutako SAren gertaera batzuk adierazpen genikoan izandako aldaketekin korrelazionatzen ziren, eta ostalariaren erantzun immunitarioarekin lotutako geneei eragiten zieten. Adibidez, lesio lausoak dituzten animalien balbula ileozekalean, gene-adierazpenean SAren gertaeren eraginpean zeuden geneek inplikazioren bat zuten endozitosi-prozesuetan, antigenoen prozesamendu eta aurkezpen prozesuetan eta konplementuaren aktibazioan. Bestalde hantura-prozesuekin zein giza gaixotasun autoimmuneekin erlazionatu dira, hala nola I motako diabetesarekin, tiroidearen gaixotasun autoimmunearekin, miokarditis birikoarekin, I motako leuzemia-birusaren bidezko infekzioarekin eta transplanteekiko ukatzearekin.
Laburbilduz, gure azterlanak SAk eragindako mekanismo komunak identifikatu ditu. Mekanismo horiek paratuberkulosiaren patogenian eta giza gaixotasun infekzioso, hanturazko eta autoimmuneetan eragiten dute. Aurkikuntza horiei esker, SAn oinarritutako estrategia diagnostiko eta terapeutiko berriak garatu daitezke gaixotasun horien kontrolerako. Gaixotasunok MAPek infektatutako behi-ereduan azter daitezke.
Xehetasun gehiago nahi izanez gero, begiratu ondorengo esteka.
Ikerlan hau MARKPARA (RTA2014-00009), PARACON (RTI2018-094192) eta PARARESILIENCIA (PID2021-122197OR) proiektuen esparruan garatu da. Proiektu horiek INIAk, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak (AEI/10.13039/501100011033) eta Eskualde garapenerako Europako funtsek (FEDER, “Europa egiteko modu bat”) finantzatu dituzte. Prestakuntza-aldian zehar Gerard Badia-Bringué, Prestakuntzan ari diren Ikertzaile Gazteentzako doktoratu aurreko kontratu baten onuraduna da. Kontratu hori MCIN/AEI/10.13039/501100011033 eta FSE Invierte en tu futuro (PRE2019-090562) enpresek finantzatzen dute.
Irudia: BioRender (2023). Spliceosome Complex. https://app.biorender.com/biorender-templates/figures/all/t-64233c4488014de91b7c9df-spliceosome-complex
SAen bitartekotzak eragindako erregulazio genikoari buruzko informazio gehiago nahi baduzue, dibulgazio-artikulu hau kontsulta dezakezue.