Rhipicephalus bursa kaparra bere aktibitate gorenean dagoen garaian gaude, beraz, landaretzan bere presentzia ugaria da. Ixodido espezie honen agerpena kontutan izan beharrekoa da, espezie hau agente-patogeno desberdinen bektorea bait da, piroplasmak kasu. Joan den astean, NEIKERreko diagnostiko zerbitzura, nekropsia burutzeko, Romanov arrazako ardi bat iritsi zitzaigun, 3 hildako izan zituen ustiaketa txiki batetatik zekarten. Kaltetutako ardi hauek, sukarra, anemia eta anorexia zantzuak zituzten eta 48 ordu buruan hiltzen ziren. Odoleko analisian, Babesia ovis morfologiarekin bateragarritasuna zuten piroplasma ugari behatu genituen. Ardi ustiaketetan eragin ditzaketen piroplasmosietatik patogenoena da espezie hau.
Latxa arrazako ardiak, kaparrekin kontaktuan egon ohi dira etengabean. Hauek, mendian edo zuhaixka landareri trinko edo ez hain trinkoa dagoen artzantza larreetan egoten dira hilabeteetan zehar, bertan, kaparrek ere ingurune natural egokia dutelarik haien mantenurako. Beraz, kapar infektatuekin etengabeko kontaktuak, animaliek ber-infekzioen aurkako inmunitatearen mantenua izatea bideratzen du. Hau dela eta, bitxia izan ohi da, latxa arrazako artaldeetan ardi-babesiosia aurkitzea, soilik, arriskua artaldeetan infekzioarekiko sentikorrak diren arraza berrien inportazioa burutzen denean ematen da.
NEIKERen diagnostikatutako ardi-babesiosis agerraldi nagusia, garai honetan, 2013. urtean, izan eta %60-ko heriotz-tasaraino iritsi zen. Latxa arrazako ustiaketa batetan, kaparrekin kontaktu izan ez zuten Castilla eta Leongo Assaf arrazako ardiak barneratu zituzten. Larrera irtetearekin bat, animaliak R. bursa-rekin infestatu eta hipertermia, ahultasun zantzuak, anorexia eta hemoglobinuria izateaz gain, heriotzak izaten hasi ziren. Burututako nekropsietan, beste prozesu hemolitiko batzu, leptospirosia, kobre bidezko pozointzea edo klostridiosia baztertu ziren. Analisi parasitologiko eta molekularrek, Babesia ovis izan zela heriotzen zergatia baieztatu zuten.
Kaparren parasitazioa, sukarra, anemia eta hemoglobinuriarekin bat, garai honetan, udaberri amaieran eta uda hasieran, babesiosis kasu baten aurrean gaudenaren indikatzaileak lirateke. Laborategiaren beharra dago kasuaren baieztapena eman dadin eta zorionez bada tratamendu eraginkorra.