Aurreko astean esan genizuen bezala, albiste berri honetan, joan den astean Salamancan ospatu zen 2017ko XLII. SEOC biltzarrean aurkeztu genuen bigarren txostena laburtuko dizuegu. Abortuen kasu hau esne-ahuntz talde baten gertatu zen urte hasieran. 2017ko urtarrilaren erdialdean, ustiategiaren arduraduna den albaitariak, gure Diagnostiko Zerbitzura laginak bidali zituen (plazenta 1, 6 bagina-exudatu eta 12 serum) abortuen zergatia ikertzeko. Plazentak zituen lesioak eta bakteria bateragarrien presentziak, ahuntz abortatuetan plazenta eta fluxu baginaletan aurkitutako DNA-k baita Coxiella burnetii-rekiko aurkituriko seroprebalentzia altuak, Q sukarraren diagnostikoa baieztatu zuten. Honen ostean, erditze-garaiaren jarraipena burutu zen eta abortuen tasa %80koa izan zela frogatu zen.
Ahuntz-aziendan Coxiella burnetii-ren infekzioa ikertzeko asmoz, 7 hilabetez, abortaturiko 35 ahuntzen fluxu baginal, gorozki eta esne laginetan bakteria honen iraizketaren jarraipena burutu genuen. Honekin batera, kortako aerosolen batze eta analisiaren bitartez, abortu eta erditze-garai ostean sortzen den ingurune kutsaduraren jarraipena egin genuen. Ahuntz abortatuek iraitzitako karga bakterianoa altua izan zen (fluxu baginalak>gorozkiak>esnea) eta iraizketa gutxienez, abortua jasan eta 4 hilabetez mantendu zen. Bereziki gorozkiak izan ziren ingurunearen kutsadura hau gauzatzen lagundu zutenak, ikerketak iraun zuen bitartean, bai kortaren kanpoalde zein barnealdeko aerosoloetan Coxiella burnetii antzematetik ondorioztatu daitekeen moduan.
Nahiz eta benetan aerosol kutsatu hauek pertsonengan izan dezaketen garrantzia edo arriskua zein den ez jakin, bakterio honen bideragarritasunaren iraupena ezagutzen ez dugulako, sentikorrak diren pertsonak, Q sukarraz infektaturik dauden ukuiluetara sartzea saihestu behar da.
Fluxu baginal eta hauts laginetako karakterizazio molekularrak, SNP-1 ̶ MST-13 genotipoa tartean zegoela erakutsi zuen, zeina behi eta ardi-azienda eta baita gizakien kasuetan aurkitua izan den.
Q sukarraren diagnostikoa jakin eta berehala, ustiategiko albaitariak kontrol jarraibide eta neurriak azaldu zituen bakteria honen barreiadura kortatik kanpora eman ez zedin, pertsonen sartzea eragotzi zen ukuilutik hurbileko inguruetara eta I fasean inaktibatutako txertoaz txertatu ziren berritze animaliak. Beste behin nabarmentzea gustatuko litzaiguke, albaitari klinikoek animali-talde bati eragin diezaiokeen patologia desberdinen diagnostiko bizkor baten lorpenean duten garrantzizko papera, kasu honetan gertatu zen bezalaxe pertsonetara transmititu daitezkeen zoonosiak izan daitezkeelako.