Ustez, guztiek edo blog hau jarraitzen duen askok behintzat, Urriak 4 San Francisco de Asis, animalien eta albaitarien zaindari Santua ospatzen dela jakingo duzue. Halere, ziurrenik gutxi batzuk jakinaren gainean egongo zarete ekologistena ere badela, nik oraintxe izan dut honen berri. Albaitari guztion egutegian egun seinalatua den hau, aurten nabarmentzeko urtea dugu albaitari bizkaitarrentzat, Bizkaiko Albaitarien Elkargo Prestuko egoitza berria inauguratu bait da. Ibañez de Bilbao kaleko egoitzean 68 urte baino gehiago igaro ondoren, egungo zuzendaritza-kontseiluak, Álvaro Mateos buru delarik, aro berrietara egokitzearren, egoitza aldaketa burutzea bideratu du, aretoaren funtzionaltasun egokiago bat bilatu nahian. Joan den asteazkenean Alameda Mazarredo kaleko 53. zenbakian kokaturiko elkargoaren egoitza berria inauguratu zen.
Inaugurazioan, egungo zuzendariaz gain, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburu ordea den Bittor Orozek, Iraunkortasun eta Ingurune Naturala zaintzeko Foru Diputatua den Elena Unzuetak eta BIlboko Udaletxeko Osasun eta Kontsumoaren saileko zinegotzia den Yolanda Díezek parte hartu zuten. Guztiek, Albaitariek, egun, gizarteko osasun publiko bermaitzaile gisa duten garrantzia goraipatu zuten.
Elkargoa 1901. urteko azaroak 19an sortu zenetik, lehendakaritzan 22 kidek parte hartu dute. Guztiok bizitako arora egokitu nahi izan dute albaitari lanbidea. Azken urteotan “One Health” kontzeptua zabaldu izan da animali-, giza- eta ingurumen-osasunaren aurrean alkarkidetzan ekiteko beharrari erreferentzia eginez. Berau, albaitari ezkutuaren goiburuak urtetan aldarrikatu duen adierazgarri, “Higia pecoris salus populi”. Gailentzen ari diren gaixotasunen %75 zoonotikoak (gizaki eta animalien artean kutsatutakoak) edo bektoreen bidez transmititutakoak (kutsatutako animalietatik gizakietara intsektu bidez trasmititutakoak) direla haintzakotzat hartu beharreko estimazioa litzateke. Guzti honek, animali-gaixotasun diagnostiko eta kontrolean, hala nola, alikadura segurtasunean albaitarien lana goraipatzekoa dela, gizartearekiko garrantzitsuak garela eta aintzinean gure lanak izan zuen ospea aldarrikatzea baimentzen digu. Albaitaritza; bokazio lanbidea, gizartean bere biziko garrantzia izan ditzaketen hainbat norabide har ditzakeena.
Albaitaritzako alor desberdinetako hainbat ordezkari gonbidatuak izan ziren inaugurazio honetara, horien artean, Gorka Aduriz eta Joseba Garrido gure lankideak, NEIKERreko Animalia Osasun Departamenduaren izenean.