Anseriformes eta Charadriiformes ordeneei dagozkien hegazti basatiak dira hegaztien influenza birusaren (HIB) hostalari nagusi. Haien artean, basahateak (Anas platyrhynchos ) HIBren epidemiologian duen eginkizuna azpimarratzekoa da. Izan ere, basahatetan HIBren azpitipo gehienak detekta daitezke eta prebalentzia altua da. Hala ere, HIB beste espezieetan topa daiteke era berean. Hortaz, birusaren epidemiologia jorratzeko hegazti basati komunitatea ikertzea funtsezkoa da. Uste denaren kontra, birusak hegazti basatiengan sortarazten duen infekzioa ez da oso latza, hostalari hauetan zirkulazioan dauden azpitipoak patogenizitate baxukoak baitira. Hala eta guztiz ere, zergati ezezagunak direla medio, patogenizitate baxuko hainbat azpitipo, galinazeo etxekotuak infektatzen dituztenekoetan patogenizitate altuko azpitipoetan bihur daitezke non infektatutako indibiduoen 100%ko heriotza-tasa sortaraz dezaketen. Hortaz, horretan datza gure inguruan zirkulazioan dauden azpitipoak ezagutzearen garrantzia.
Ekosistema batean, influenza birusaren presentzia eta mantenua oso aldakorra da eta birus-hostalari-ingurune triadan hainbat faktoren elkarrekintzaren menpekoa da; urte sasoia, azpitipoen barneko ezaugarriak eta egondako hegazti espeziak kasu garrantzi handikoak izan daitezke prebalentzia aztertzerako orduan. Gauzak horrela, ekostema urtarrak ikertzerakoan HIBren epidemiologian eta dinamikan jantziak egoteko, denboran luzatzen diren ikerlanak oso beharrezkoak dira. Egun argitaratutakoak, urriak edo espezie jakin batzuetan bakarrik bideratutakoak baitira.
Beraz, aipaturiko hau guztiau kontuan hartuta, hezegune arabar batean HIB epidemiologiaren gaineko ikerketa longitudinal baten bitartez bideratu izan da. Bertan, hegazti-komunitatearekiko, birusarekiko edota ingurumenarekiko aldagaiak kontuan hartu direlarik.
HIBren monitorizazioa, hegazti-saldoen lo eremuetan (hezegunean sakabanaturik dauden irlatxoetan) gorotzak jasotzen zetzan, hots, metodo ez inbaditzailean oinarritua. Laginketa lana bi epeetan bideratu zen, 2007-2009 eta 2012-2014 bitartean hain zuzen. Jasoriko lagina, influenza A guztiak detektatzen dituen RT-PCR-k eta birus-isolamendu teknikek erabili ostean, HIB-positibo bazen, hegazti espeziearen identifikazioa COI (Zitokromo oxidasaren azpiunitate I) barcoding teknikaren bitartez burutu zen. Ikerlan epidemiologikoa osatzeko, birusaren azpitipoa, aldagai meteorologikoak eta izatezko hostalarien ezaugarri ekologikoak kontutan hartu ziren GLM eredu matematiko baten bitartez testatzeko.
Laginketak behin amaituta, HIB prebalentziaren beherakada esanguratsua antzeman zen bigarren laginketa aldia (2012-2014: 0.3%) lehenengoarekin (2007-2009: 6.6%) alderatzerakoan. Era berean, aurkitu ziren azpitipoak ezberdinak izan ziren denboran zehar; 2007-2009 bitartean, arrisku altuko H5 eta H7 azpitipoen aberastasuna handiagoa izan zen eta. HIBren hostalarien identifikazioari dagokionez, guztiak identifikatzea posible ez izan arren, gehienak basahateak (Anas platyrhynchos) izan ziren.
GLM ereduak, monitorizaturiko aldagaiek HIBrekiko izan zitzaketen elkarekintza aztertzea zuen helburu. Ildo horretatik, HIBren prebalentzia altuena hegaztien ugalketa-sasoiarekin bat zetorrela adierazi zuen. Bestalde, prebalentziaren beherakada 2012-2014n zehar, Anseriformes bikote ugaltzaileen beherakada esanguratsuarekin erlazionatuta zegoela erakutsi zuen ere. Datu honek, HIBren prebalentziaren fluktuazioa epe luzean, Anseriformes ugaltzaile komunitatearekin erlazionatuta dagoela adierazten du.
Laburbilduz, ikerlan logitudinal honen bidez, HIBren epidemiologiak urtaroko eta urte ereduak pairatu ezezik, bere epe luzeko fluktuazioa hegazti ugaltzaile komunitatearen konposizioari eta tamainari lotuta dagoela ere erakusten du. Lorturiko emaitzak garrantzi handikoak dira; batetik, hostalarien ekologiak patogeno transmisioan izan dezakeen eginkizuna aztertzerako orduan, baita influenza agerraldien prebentzioan edo kudeaketan ere.
Ikerlan honek INIA-k (RTA2011-00111-C03) finantziaturiko proiektu baten partea da non NEIKERREko Abere Osasun Saila eta SaBio – Instituto de Investigación en Recursos Cinegéticos IREC (CSIC-UCLM-JCCM) parte hartu dituzten. Argitaratu berriko artikulu zientifikoa link honetan dago.