Paratuberkulosia gure inguruko albaitari eta abeltzainek ondo ezagutzen duten gaixotasuna da. Egia esan, mundo osoko behi aziendei erasaten dien arazo handi bat da, heuren errentagarritasuna arriskuan jarriz. Gaixotasuna sortzen duen bakterioa, Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis (Map), infektatutako animalien okela eta esnean aurki daiteke. Map Crohn gaixotasunarekin erlazionatu da ere, gizakietan ematen den intestinoko (batez ere) hantura kronikoa alegia. Mikobakterio honek esneak jasaten dituen tratamenduak bezalako egoera bortitzei aurre egiteko eta eusteko gaitasun handia dauka.
Urriak 26eko (2018) blogean esaten genizuen bezala, Nestlek Map esnekietan detektatzeko 3 teknika ezberdinen portaera parametroak UNE-EN-ISO 16140-2:2016 arauaren arabera ezartzeko proiektu bat finantzatu du, eta horretarako NEIKER eta Istituto Zooprofilattico Sperimentale della Lombardia e dell’Emilia Romagnaren (IZSLER) parte-hartzea izan du. Bi teknika konbentzional (kultiboa eta PCRa) eta teknika berritzaile, eta batzuen arabera, etorkizun handiko bat ebaluatu dira. Azken metodo honetan, laginean aurkitzen diren Map zelulak infektatu egiten dira mikobakterioekiko espezifikoa den bakteriofago bat erabiliz. Ondoren, lagina hazkunde azkarreko mikobakterio batekin (M. smegmatis) inkubatzen da kutibo medio solidoa duen plaka batean. Laginean Mapen zelula infektatuak egotekotan, fagoek zelula hauek apurtu eta medioan dauden M. smegmatis zelulak infektatzen dituzte. Horrela, fagoek plakan dagoen M. smegmatisen hazkundean soilgune bat sortzen du, eta horrek Mapen presentzia adierazten du. Metodo honen abantaila nagusienak bi dira: kultiboarekin konparatuta prozedura azkarragoa dela (fago entsegua 72 ordu eta kultiboa 2-4 hilabete) eta PCRarekin konparatuta fagoek zelula bideragarriak bakarrik detektatzen dituztela (PCRak zelula bizi eta hilen DNA detektatzen du bien artean bereizi gabe). Abantaila hauek euki arren, oraintxe argitaratu dugun estudioaren emaitzen arabera (esteka), fagoen entseguarentzako balioztatu ditugun sensibilitate, egiazkotasun eta detekzio mugak, PCR eta kultiboarentzako balioztatu ditugunak baino baxuagoak dira. Momentuz behintzat, fagoen entseguaren emaitzak ez dituzte gainditzen aztertu ditugun teknika konbentzionalenak, hala ere, metodoa interesgarria iruditzen zaigu eta etorkizunean hobetu ahal izango da.