Animalia Tuberkulosiaren Ikerketaren II. Workshop Nazional eta I. Iberiarra apirilaren 4 eta 5ean ospatu da Caceresen. Extremadurako Unibertsitateak, Extremadurako Batzarraren Ingurumen eta Landa Kontseilaritzak eta Espainia eta Portugaleko Nekazaritza Ministerioek antolatutako jardunaldi hauek 115 interesdun bildu zituzten, ikertzaile eta administrazioetako ordezkariak batez ere.
Lehenengo egunean, NEIKERek eta animalien tuberkulosiaren ikerkuntzan lanean dauden penintsula iberiarreko talde nagusiek, azken urteetako jarduera eta etorkizunerako ekintzak aurkeztu zituzten. Bestalde, 3 hizlari gonbidaturen partehartzea izan zen. Javier Salguero doktoreak (Public Health England) Animalia Tuberkulosirako txertoen inguruan egindako entseguen emaitzen gainbegirada egin zuen, NEIKER-IREC-VISAVET partzuergoaren entseguak barne. Bigarren hizlariak, Douwe Bakker doktoreak (Universidad Complutense de Madrid), “Tuberkulosirako froga diagnostikoak” hitzaldian, in vivo eta ex vivo diagnostikorako erabiltzen diren antigenoen garrantzi eta produkzioaren inguruko gogoetak aurkeztu zituen ikuspuntu historiko batean kokaturik. Azkenik, Oliver Keuling doktoreak (Hannovereko Unibertsitatea) “Basurdearen populazio eta osasun kontrolerako kudeaketa: ikuspuntu europear bat” izenburuko bere hitzaldian, Europan basa animalien kudeaketa hobetzeko aukera zabala dagoela eta horrek orokorrean animalia osasunean euki dezakeen eragina azpimarratu zuen.
Bigarren egunean, bi estatuetako gobernuen ordezkariek hitzegin zuten eta horren ondoren, 4 mahai-inguru osatu ziren gai ezberdinen gainean eztabaidatzeko:
1. Mahaia. Biosegurtasuna eta inmunitate-indartzea.
2. Mahaia. Aurrerapenak diagnostikoan, indarrean dauden tekniken hobekuntza.
3. Mahaia. Epidemiologia: dagoen informazioari etekina nola atera.
4. Mahaia. Tuberkulosiaren kontrolean puntu erabakigarriak
Bertaratutakoen kezka nagusien artean basurde populazioaren kontrola abereekin duen interakzioa kontutan hartuta eta baita Mycobacterium tuberculosis konplexutik kanpo geratzen diren beste mikobakterioek tuberkulosiaren erradikaziorako programetan erabiltzen diren diagnostiko frogen emaitzan sor ditzaketen interferentziak ere nabarmendu ziren. Bestalde, gaixotasunaren transmisioaren gaineko estudio sakonak egiteko isolamenduen espoligotipatuak ematen duen informazioa nahikoa ez dela ikusten ari gara, beraz, kasu batzuetan teknika molekular sofistikatuagoen erabilera beharrezkoa izango da.
Batzarrean lortutako ondorioak prestatzen ari diren Workshoparen laburpen liburuan argitaratuko dira. Hurrengo Workshopa Cordobako Unibertsitateak antolatuta, Cordoban egingo da.