Azkonarra (Meles meles) tuberkulosiaren (TB) gordailuetariko bat bezala azaldu da. Azkonarra Erresuma Batuko eta beste herrialde batzuetako behi-aziendaren infekzioaren transmisioan osagai nagusia da. NEIKER-IREC-VISAVET partzuergoak, basurdearen eta oreinaren TB kontrolean eraginkorra den beroak inaktibatutako Mycobacterium bovis txerto-prototipo bat (MBIC) aurkitu du. Ikerketa hori egiteko, aurkitutako lesioen tamaina, kopurua eta kokalekua hartu ziren kontutan, baita bakterio-karga ere. Gure lurraldean basa-faunaren barruan basurdea TBren gordailu nagusia dela kontuan hartuta, aurrerapen garrantzitsutzat jo zen ikerketa hori. Berrikiago, azterketa hori azkonarran egin da. Helburua tuberkulosiaren kontrako aho-bidezko bi txerto ebaluatzea izan da: M. bovis BCG txertoa bizi-indargabetua (Danesa anduia) eta MBIC txertoa. Horretarako, 24 azkonar erabili ziren hurrengo 3 tratamendu-taldetan banatuta: ahotik M. bovis BCG-rekin txertatutako taldea (n=5), ahotik MBICekin txertatutako taldea (n=7) eta txertatu gabeko kontrol-taldea (n=12). Animalia guztiak M. bovis-ekin infektatu ziren esperimentalki, endobronkio-bidetik, eskuineko birikako erdiko lobulura iristeko. Esperimentuak iraun zuen denboran, parametro klinikoak, bakteriologikoak, immunologikoak eta patologikoak ebaluatu ziren. Nabarmentzekoa da bi txertoek infekzioaren aurkako babesa erakutsi zutela, lesioen larritasuna eta tamaina murrizteari dagokionez. Emaitza horien argitan, MBIC txertoa herrialde endemikoetan TBren aurkako ahozko txertaketa egiteko etorkizun handiko hautagaia da.
SERIDAren eta NEIKEReko Animalien Osasun Sailaren arteko lankidetzaren emaitza izan da lan hau, “Behi-tuberkulosia kontrolatzeko estrategiak gordailu basatietan (azkonarra eta basurdea) eta etxekoetan (ardi-azienda)” proiektuaren esparruan, INIAk finantzatua (RTA84-00002-C02-02), eta Frontiers in Veterinary Science aldizkarian argitaratu da (artikuluaren esteka).