Bakterioen, birusen eta parasitoen gainazala karbohidratoz estalita dago. Karbohidrato hauek ostalariaren errezeptoreak antzematen dituzte, defentsa-mekanismoak aktibatuz. Bestalde, patogeno askok, adhesina izeneko molekulak dituzte, eta horiek, kutsatuko diren zelulen gainazalean dauden karbohidratoei batzen zaizkie. Hori dela eta, infekzioa detektatzeko eta honi aurre egiteko, patogeno-zelula lotura eragotziko duten konposatuak garatzea ezinbestekoa da. Hortaz, konposatu horien artean anti-karbohidrato antigorputzak daude.
Laborategian, mikroorganismoen eta/edo gainazaleko molekulen aurkako antigorputzak ekoiztu daitezke. Merkatuan dauden antigorputz monoklonal gehienak proteinen aurka garatu dira, eta oso gutxi karbohidratoen aurka, beharbada azken konposatu hauek immunogenizitatea tasa baxuak dituztelako, edota karbohidrato desberdinek antzeko egiturak dituztelako. Bestalde, existitzen diren antigorputz monoklonal gehienak saguetan sortzen dira, nahiz eta untxiek B zelula gehiago dituzten. B zelula gehiago izateak antigorputz mota gehiago sortzeko gaitasuna dakar. Gainera, beste talde batzuek egindako ikerketen ondorioz, untxiek antigorputz espezifikoak N-glikanoen aurrean sor ditzaketela frogatu da. Glikanoak, azukre unitate askoz osatutako polisakaridoak dira eta N-glikanoak, berriz, kobalenteki asparraginan (nitrogeno atomoan) lotuta dauden glikanoak dira, lotura N-glukosidikoa osatuz. N-glikanoek zeregin garrantzitsua dute zelula-zelula eta patogeno-zelula elkarrekintzetan.
NEIKER-reko Animalien Osasun saila, untxietan N-glikanoen aurkako antigorputz monoklonalen eta poliklonalen ekoizpenean lan egiten ari da. Ikerkuntza hau, Eusko Jaurlaritzak finantzatutako eta CIC bioMAGUNEko Niels Reichardt ikerlariak koordinatutako ELKARTEK proiektuaren esparruan oinarritzen da. Antigorputz poliklonalak eta hibridomak Schistosoma mansoni parasitoan dagoen N-glikano baten aurka sortu dira. Lan honen lehen emaitzak aurkezteko, Natalia Elguezabal ikerlaria martxoaren 12an eta 13an CIC bioGUNEn egindako Glycobasque bileran gonbidatua izan zen.
Proiektu horri esker, untxietan antigorputz monoklonalak ekoizteko hibridoma-teknologia prestatu da, eta antigorputz horiek, animalien osasunean interesa duten agente patogenoen aurkako antigorputzak sortzeko erabil daitezke.