Frantziak gaur egun tuberkulosirik gabeko lurraldearen estatusa aitortua du, bien bitartean pirinio hegoaldeko erkidegoak lortzekotan daudelarik. Animalia basatien tuberkulosi kasuen gorakadak, basurdearenak batez ere, gaur egungo egoera kolokan jarri dezake. Bestalde, in vivo diagnosi frogei erreakzionatzen dioten eta gainera teknika mikrobiologikoen bitartez infekzioaren baieztapena ezinezkoa den animalien kasuen gorakadak, administrazioa eta abeltzainak kezkatzen ditu. Hauetako kasu batzuetan, ikertutako ehunetan mikobakteriak aurkitzea edo lesioak autematea ez da lortzen, infekzioa hasierako faseetan hautematen denez. Beste kasu batzuk, tuberkulosiaren diagnosia oztopatzen duten beste mikobakteria (patogenoak edo ez) batzuen presentziaren ondorio dira. Honek guztiak beharrezkoak ez diren hiltzeak dakartza, kalte ordainak emanez, baita ustialekuen balio genetikoaren eta haragi eta esnearen ekoizpenaren galerak sortuz.
Hau guztia kontuan izanik, Europar Batasunak emandako Interreg-POCTEFA deialdian (FEDERak diruz lagunduta), proiektu berri honen helburuak hauek dira:
1) In vivo diagnostiko tekniken espezifikotasuna hobetzea
2) Tuberkulosia sortzen duen agentearen detekziorako eta interferentzia sortzen duten beste mikobakterien bereizpenerako erremintak garatzea
3) Txertaketaren bidezko gaixotasunaren kontrolaren ikerketak egitea, batez ere txertatutako eta kutsatutako animalien arteko diagnosi bereizgarrietan arreta jarriz.
4) Gaixotasunen kontrol planen arrakastek faktore soziologikoetan dituzten loturak balioztatzea era paraleloan.
Proiektua IRTA-CRESA, Universidad Autónoma de Barcelona (UAB), Agence Nationales de Sécurité Sanitaire de l´alimentation, de l ´environnement et du travaile (ANSES) eta L´École Nationale Vétérinaire de Toulouse (ENVT)-rekin elkarlanean garatuko da.
Egitasmo honekin eskualde transpiriniarrean ikerketa, garapen eta berrikuntzaren sare bat finkatzea espero da, animalien tuberkulosiaren aurkako borrokan osasun publikoarentzat eta abeltzaintza sektorearentzat konponbideak bilatzeko.