Visna/Maedi lentibirus (Small Ruminant Lentivirus, SRLV) batek sortzen duen eta ardi azienda erasaten duen gaixotasun bat da. Mundu guztian oso barreiatua dago gaixotasuna eta EAEn bere presentzia 80ko hamarkadatik ezagutzen da. Azken zazpi hamarkadetan, sortzen dituen sintoma klinikoen eta bere epidemiologiaren ezagutza handitu da. Hala eta guztiz ere, infekzioaren garapen mantsoa dela eta, infekzioaren bilakaeraren denbora gehiena egoera subklinikoan iragaten dute gaixoek. Honen ondorioz, hausnarkari txikietan duen benetako eragina balioztatzea oso zaila da. Visna/Maedi birusaren infekzioak duen eragina gai erabakigarria da, eragiten dituen galera ekonomikoak balioetsi eta baita desagerrarazteko programa baten ezarpenak ekar ditzakeen mozkinak balioztatu ahal izateko.Latxa arrazaren hobekuntza genetikoaren programak, 80ko hamarkadaren amaieratik indarrean dagoenak, hainbat artalderen esne ekoizpenaren informazioa bildu du. Honekin batera, hainbat urtetan zehar SRLV-aren seroprebalentziak ikertu dira artalde hauetan. Honela, NEIKER-eko Animalien Osasun eta Animalien Ekoizpen Sailetako lankideek, ekoizpen aldagai zehatz batzuen eta SRLV-arekiko seroprebalentziaren arteko lotura analizatu da. Ikerketa hau burutzeko, Latxa arrazakoak diren eta seroprebalentzia ertain-altua duten hiru artalderen 10 esnealditan bildutako datuak erabili dira. Eskuratutako datuen arabera, esnealdi motan (120 egunetan) seropositibo izan ziren ardiek %6,7 gutxiagoko ekoizpena izan zuten seronegatiboekin alderatuz. Alderik handienak (p < 0.001) ardien ekoizpenaren punturik gorenean, bigarren eta laugarren esnealdiaren artean, antzeman ziren. Ardien balio-bizitzan zehar ekoiztutako bildotsen eta esne ekoizpenaren datuak analizatuz, eragin handiagoa antzeman zen, gaixotasunak urteko eta ardiko gutxi gorabehera 50 euroko galerak sortuz. Ekoizpenaren funtsezko galera hauek direla eta, esnetarako ardien Maedi/Visna-ren infekzio subklinikoen ondorioz, gaixotasun honen kontrol programa baten ezarpenak sor ditzakeen onurak garbiak dira. Irabazi-kostu analisiek adierazi zutenez, erdi mailako ekoizpeneko ardi arrazetan ere, laborategietako analitiken gastuak neurri handi batean ordainduta egongo lirateke lortutako esne ekoizpenaren gorakadarekin.
Ikerketa hau berriki argitaratua izan da:
Juste RA, Villoria M, Leginagoikoa I, Ugarte E, Minguijon E. Milk production losses in Latxa dairy sheep associated with small ruminant lentivirus infection. Preventive Veterinary Medicine 2020; 176: 104886.