3. eta 4. belaunaldiko zefalosporinekiko erresistenteak diren Escherichia coli-ak EAEko hausnarkarien ustiategietan

Antibiotikoen erabilera desegokiak eta euren eraginpean etengabe egoteak, mikroorganismoek beren biziraupena ziurtatzeko erresistentzia-mekanismoak garatzea eragin dute. Ondorioz, antibiotiko askoren eraginkortasuna galtzen ari da bakterio batzuen aurrean. OMEk (Osasunaren Mundu Erakundeak), garrantzia kritikoko antibiotikoen zerrenda bat egindefinitu du. Bertan, bakterio multi-erresistenteek eragindako infekzioen tratamendurako eraginkorrak diren antibiotikoak agertzen dira, hala nola zenbait antibiotiko β-laktamikoak: 3. eta 4. belaunaldiko zefalosporinak eta karbapenemeak. Escherichia coli-ren kasuan, β-laktamikoen aurkako erresistentziaren mekanismo garrantzitsuenak, Espektro Zabaleko Betalaktamasen (EZB), AmpC zefalosporinen eta karbapenemasen ekoizpena da.
NEIKERen, EZB/AmpC eta karbapenemasak ekoizten dituzten E. coli-en prebalentzia ezagutzeko, EAEko 300 behi- eta ardi azienden ustiategitan zeharkako azterlan bat egin da. Ustiategi horietako batean ere ez zen aurkitu E. coli karbapenemasa-ekoizlerik, baina bai EZB/AmpC-ko ekoizleak ziren E. coli-ak. Ustiategi positiboen prebalentziak honakoak izan ziren: %32,9 esnetarako behietan, %9,6 haragitarako behietan eta %7,0 ardietan. Zefaloporinekiko erresistenteak ziren andui askok beste antibiotiko batzuekiko erresistentziak erakutsi zituztenuten, hala nola, tetraziklina, sulfametoxazol, trimetoprima eta ziprofloxazinarekikoak. Baina guztiak tigeziklina, imipenem, meropenem eta kolistinarekiko sentikorrak izan ziren.
66 anduietan genoma osoa sekuentziatu zen, 52 eskuratutako erresistentzia geneen eta 4 geneetako mutazioen identifikazioa ahalbidetuz. blaCTX-M-14 genea izan zen EZB motako geneen artean arruntena; AmpC motakoen artean, berriz, blaCMY-2 genea detektatu zen batez ere. EZB/AmpC gene gehienak plasmidoetan aurkitu ziren, beste mota desberdineko erresistentzia geneekin batera. Plasmidoetan erresistentzia-geneak aurkitzeak arrisku handiagoa dakar, erresistentzia geneen transferentzia errazten dutelako.
3. eta 4. belaunaldiko zefalosporinekiko erresistenteak diren E. coli-en hedapena arazo bat da gizakion osasunean, eta hedapen hori, ikerketa honetan frogatzen denez, behi- eta ardi-aziendei ere atxikitu daiteke. Ikerketa honetan bezala, Europako beste herrialde batzuetan ere EZB/AmpC ekoizten duen E. coli-en prebalentzia handiagoa da esnetarako behi-aziendetan. Egoera hori, ekoizpen-sistema honetan ematen diren gaitza espezifikoen (mamitisa eta hanketako infekzioak, batez ere) kontrako terapien ondorioa izan daiteke, izan ere, zefalosporinak dira erabilitako antibiotikoak gaitza horien aurka. Ikerketa honetatik ateratako ardi-aziendei buruzko datuek ekarpen handia egin dute, ez baita ikerketa askorik egin espezie honetan. EAEko hausnarkarietan, ez dira agertu karbapenemasak ekoitzen dituzten E. coli-ak, eta hori lasaigarria da, andui horiek Osasun Publikoko arazo larria bihurtu baitira.

Xehetasun gehiago ezagutu nahi izanez gero, ikerketa honen emaitzak Applied and Environmental Microbiology zientzia-aldizkarian argitaratu dira: DOI 10.1128/AEM.00742-20,

https://aem.asm.org/content/early/2020/05/25/AEM.00742-20

Argazkia: NEIKER- Animalia Osasun saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *