Behi azienda gutxi dagoen eremuetan basurdeen Mycobacterium tuberculosis konplexuaren seroprebalentzia altuari lotutako arrisku faktoreak

Animalien tuberkulosia mundu osoan zehar hedatzen den gaixotasun zoonotikoa da. Mycobacterium tuberculosis (CMT) konplexuko mikobakterien artean, Mycobacterium bovis izeneko mikobakterioa da gehien eragiten duena. Iberiar penintsulan, basurdea bezalako gordailu basatia egoteak, besteak beste, abeltzaintzako ustiategietan behi-tuberkulosia errotik ateratzea zaildu egin du. Eskura dagoen informazio gehiena Espainiako erdialdetik eta hegoaldetik datorkigu, non, behi-tuberkulosiaren prebalentzia handia dagoen, bai behi-aziendetan, zein ungulatu basatien populazioetan. Hala ere, penintsularen iparraldeko eskualdeetan, tuberkulosiaren prebalentzia eta basurdearen dentsitatea apalagoak diren eskualdeetan, ungulatu basati horren eginkizuna gaixotasunaren epidemiologian oraindik aztertzen ari dira.
Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn), behi-aziendaren tuberkulosi-prebalentzia txikia den lurraldean (azken 3 urteetan, % 0,1 baino gutxiago), basurde populazioetan CMTren aurkako antigorputzak ote dauden zehaztu nahi izan da, baita haien espazio eta denbora distribuzioa deskribatu ere. Horretarako, 2010 eta 2016 artean, 1902 animalien seruma bildu zen, ELISA teknikaren bidez aztertu zirelarik. Horrez gain, lortutako basurdeen eta azienden inguruko informazioaz baliaturik, eredu lineal orokortuak erabili ziren basurdeetan antigorputzak edukitzeari lotutako arrisku-faktoreak aztertzeko. Guztira, EAEko basurdeen %17k CMTren aurka antigorputzak aurkeztu zituzten, prebalentzia altua, Iberiar penintsularen iparraldeko beste eskualde batzuekin alderatuta, Asturias eta Galizia kasu. Basurde seropositiboak egoteari lotutako faktoreak hauek izan ziren: urtea, animalien jatorrizko probintzia, eremuan zeuden behi CMT-positiboen kopurua, haztegi positiboekiko distantzia eta sastrakadia. Azterketa gehiago egin behar dira behi azienden prebalentzia gutxiko eremuetan basurdeak tuberkulosiaren epidemiologian duen zeregina hobeto ulertzeko, gaixotasunaren aurrean kontrol estrategiak garatzeko orduan kontuan eduki ahal izateko.
Lan hau Plos One aldizkarian argitaratu da: https://journals.plos.org/plosone/article?id=10.1371/journal.pone.0231559.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *