Zoonosiak animalien eta gizakien artean kutsatzen diren mikroorganismoek sortutako gaixotasunak dira. Gizakien infekzioen %60a eta gizakien gaixotasun infekzioso berri eta gorabidean daudenen %75 inguruk animalia jatorria dutela zenbatetsi da.
Urtero, uztailaren 6an, munduko zoonosiaren eguna ospatzen da, duela 135 urte zoonosien aurkako borrokaren historian emandako gertaera gogoangarri bat gogora ekarriz. 1885eko uztailaren 6an Louis Pasteur-ek amorruaren, garai horretako gaixotasun infekziosoen arteko kezkagarrienetako bat, aurkako lehenengo txertoa eman zuen. Amorruaren birusa azaleko ebaki baten edo hozkada baten bitartez gorputzean barneratzen den infektatutako listuaren bidez kutsatzen da, tratamendua eman ezean hilkorra den entzefalopatia bat sortzen du.
Gaur egun, medikuntzaren eta zientziaren aurrerapenak handiak diren arren, mundu osoan koronabirus baten aurkako borrokan aurkitzen gara, patogeno honek animalia jatorria du, hortaz zoonosi bat da.
Gaur egun gertatzen ari den krisian, COVID-19aren inguruko milaka gida eta artikulu argitaratu dira. Dokumentu hauen gehiengoa pandemiaren eragina murrizteko era edo osasun publikoaren krisiaren aurrean nola jokatu esplikatzen dutenak dira. Hala ere, gutxi dira arazoaren iturburua azaltzen dutenak, espezieen arteko salto hori nola ekidin alegia. Nazioarteko aditu talde batek gizaki-animalien arteko kutsatze katea puskatzeko eta hurrengo pandemia saihestu ahal izateko neurrien txosten bat argitaratu du. Neurri hauen artean, zoonosietan etxe-abereek eta animalia basatiek duten papera ikertzearen eta elikagaien segurtasuna hobetzeak dakarren garrantzia aipatzen dutenak azpimarratu nahi ditugu. Neurri horiek NEIKEReko Animalien Osasun sailean burutzen ari diren ikerketa alor batzuekin lerrokaturik daude.
Txostena FAO-OIE-OMS Hiruko Aliantza eta beste aditu talde batzuen ondorioetan oinarriturik dago. Hauen ustez, erantzun azkar eta koordinatu bat emateko, agente zoonotikoek sortutako pandemia eta agerraldiak saihesteko modu hoberena “Osasun bakarra” (One Health) ikuspegia da. Dokumentu honetan gaztelerazko laburpena aurki dezakezue, non erabakiak hartzen dituzten arduradunei bideratutako 10 funtsezko mezu jasotzen diren.