2015ean, ikertzaile txinatar talde batek marmota-gorotzetan (Marmota himalayana) isolatutako Escherichia espezie berri bat deskribatu zuen lehen aldiz. Gorotzak, 2012an jaso ziren Qinghai-Tibeten eta Escherichia marmotae izena eman zioten. NEIKERen egindako zeharkako azterlan batean, Euskal Autonomia Erkidegoko hausnarkarien ustiategietako β-lactamasen ekoizleen E. coli-ren prebalentzia balioztatzeko, 2016. urtean haragitarako behien ustiategi batean E. coli-ren antzeko profil biokimikoa zuen mikroorganismo bat isolatu zen, baina ezaugarri genetiko desberdin batzuekin. Genoma osoa sekuentziatu eta datu-baseetan eskuragarri zeuden beste genoma batzuekin konparatu ondoren, isolatua E. marmotae espezieko kide berri gisa identifikatu ahal izan zen. Aurkikuntza hau, behi aziendan, espezie honen lehen deskribapena litzateke. Orain arte ez da ezaguna zein garrantzi kliniko duen, baina haren genoman E. coli-ren (ExPEC) eta E. coli enterotoxigenikoen (ETEC) heste-kanpoko andui patogenoei lotutako birulentzia-faktoreetarako kodetzen dituzten geneak daude, bai eta tetraziklina eta zefaloporinekiko erresistentzia ematen dioten geneak ere.
Genoma biltegi publikoko datu-baseetan gorde da (GenBank JABXGM000000000, BioProject PRJNA632731 eta BioSample SAMN14918579) eta andui honi buruzko datu garrantzitsuenak duela gutxi Microbiology Resource Announcementsen argitaratu den artikuluan deskribatzen dira.Lan osoa esteka honen bidez kontsulta daiteke.