Duela 20 urte, albistegiek ez zuten COVID-19 buruzko daturik ematen, atzemandako “behi eroen” kasuetaz aritzen ziren. Fernando Simón ez zen izar nagusia, Juan Jose Badiola albaitaria baizik. Urte asko igaro dira, baina oraindik ere gaixotasun hori zaintzen ari gara. Oroigarri gisa, esan daiteke entzefalopatia espongiforme kutsakorrak (EET), animaliei eta gizakiei eragiten dieten gaixotasun neurodegeneratiboen taldekoak direla. Gaixotasun horiek inkubazio-aldi luze bat dute ezaugarri, heriotza ere eragin dezaketelarik. Gaixotasun horien eragileak prioiak, gaizki tolestutako proteinak dira, kontaktuan dauden beste proteina batzuk asalda ditzaketelarik. Aziendari dagokionez, aipagarriak dira behien entzefalopatia espongiformea (BSE), behi-aziendari eragiten diona, eta ardiei eta ahuntzei eragiten dien scrapie edo dardara.
2001. urtetik aurrera, Espainian BSEren lehenengo kasua detektatu ondoren, zaintza aktiboko programa bat ezarri zen, teknika molekularren bidez proteina prionikoa detektatzean oinarritua. 2002-2012 bitartean, urtean, batez beste sakrifikatutako edo aziendan hildako 500.000 behi aztertu ziren, elikagaien kalitatea ziurtatzeko. Ardi- eta ahuntz-aziendaren kasuan, kopuruak txikiagoak dira. Urtean batez beste 55.000 animalia aztertzen dira laginketa adierazgarriak eginez. BSEren kasuan, 2013. urtean neurriak malgutu ziren egoera epidemiologikoa kontuan harturik, batez ere ustiategian bertan hildako animaliak eta gaixotasunarekin bateragarriak zituzten zeinu klinikodun animaliak kontrolatuz.
Estatu mailan, 2003an 167 foku detektatu ondoren, azken bost urteetan 7 bakarrik detektatu dira. Scrapieren kasuan, 2006 urtean gailurra 53 fokurekin gertatu zen, baina murrizketak ez du BSEren dinamika jarraitu, azken hamarkadan egonkor mantendu da, urteko 25 foku inguru. Euskadin, urte horietan, 8 BSE kasu hauteman dira, azkena 2007an eta 18 scrapie kasu, azkena aurtengo otsailean. Datuak oso onak dira, baina erne jarraitu behar dugu.