Artropodo bektoreekin eta transmititutako gaixotasunekin lotutako proiektuen 2020ko emaitzak

Eltxoek eta akainek garrantzi handia dute gizakien eta animalien osasunean. VIMOTICKS “Animalien osasunari eta osasun publikoari eragiten dieten agente patogenoen bektore transmisoreak zaintzea, aldaketa globaleko testuinguruan” proiektuan, 2013az geroztik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzarekin elkarlanean dihardugu, EAEn Aedes albopictus (tigre eltxoa) atzeman eta identifikatzeko. Espezie hori detektatu zen lehen aldia 2014. urtean izan zen, eta harrezkero, urtetik urtera gero eta gehiago zabaltzen ari dela ikusi da. 2020an, aztertutako udalerrien %65etan antzeman da. Lehen aldiz, beste espezie exotiko inbaditzaile bat ere identifikatu da, Aedes japonicus, EAEko zenbait udalerritan. Ae. albopiktus batez ere hiriguneetan aurkitzen da, eta Ae. japonicus berriz, hiri-inguruetan eta landa-eremuetan.
URBAN KLIMA 2050 proiektuari dagokionez (3.1 ekintza – Osasuna) (Systemic implementation of the CC action in the Basque Country for increased urban resilience as full territory enabler), helburuetako bat, agente patogenoak transmititzeko gai diren artropodo bektoreekin erlazionatutako hiriguneetako arriskuak identifikatzea da. 2020an, eltxoen laginketak egin ziren EAEko 3 hiriburuetako hiri-parkeetan eta hilerrietan. Guztira 19 espezie identifikatu dira, eta ugariena Culex pipiens izan da, eltxo arrunta. Espezien aberastasunik handiena Donostiak aurkeztu du, ondoren Gasteizek eta Bilbok. Oro har, ikusi da eltxoen aberastasuna eta ugaritasuna hiritik hiri-ingurura handitu egiten dela.


WILD DRIVE proiektua (Ungulatu basatien dentsitatearen eragina ulertu eta kuantifikatzea ostalari anitzeko patogeno berrien determinatzaile gisa Osasun Globalaren ikuspegitik) IRECekin elkarlanean ari gara Hyalomma generoko akainak detektatzeko arriskua iragartzeko eredu bat baliozkotzen. Horretarako, 2019an eta 2020an, Arabako hegoaldean kokatutako etxe-abere ungulatuetan akainen infestazioaren jarraipena egin dugu. Espezie nagusiak hauek izan dira: Ixodes ricinus, Haemaphysalis punctata, Dermacentor reticulatus, Rhipicephalus bursa, R. sanguineus eta Hyalomma marginatum. Azken espezie horren harrapaketak noizbehinkakoak izan dira (% 0,2). Hyalomma spp. Krimea Kongoko sukar hemorragikoaren birusaren bektore izan daitekeelako du ikerketa honek interes berezia; izan ere, 2016. urtetik Espainia erdialdean gaixotasun honen zenbait kasu deklaratzen dira urtero.

Argazkia: NEIKER- Animalia Osasun saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *