Bere lehen erditzea izateko adinetik beherako txahalen hilkortasun-tasan %35eko murrizketa ikusi da paratuberkulosiaren aurkako txertaketarekin lotuta

NEIKEReko Animalia Osasun Saileko mikobakterioen taldeak ikerketa bat argitaratu du Vaccine zientzia-aldizkari entzutetsuaren azken zenbakian. Bertan frogatu dute ustiategi komertzialetan hazkuntzako txahalak beraien bizitzako lehen hiru hilabetetan txertatuz gero, berauen hilkortasun-tasa %35 murriztu daitekeela. Lan honen garrantziaren arrazoietako bat, “ikasitako immunitatea” (trained immunity) kontzeptu berriarekin lotutako aurreikuspen teorikoa berresten duela da. Honetaz gain, ikerlan honek paratuberkulosiaren zein antibiotikoen erabileraren inpaktua murrizteko aukera ematen duen tresna praktikoa eskaintzen du.
Ikerketa hau 15 urtetan zehar burutu da, Euskal Autonomia Erkidegoko 30 ustiategitako 9000 behi baino gehiago aztertuz. Ikerketa, abeltzainek euskal foru-aldundietako abeltzaintza-zerbitzuei egindako eskaerei erantzuteko asmoz sortu zen. Aldundi hauek, Eusko Jaurlaritzarekin batera, azterketa finantzatu dute CZ Albaitaritza-enpresarekin lankidetzan, azken honek AEMPSen erregistratuz. Beraz, azterketa hau ekoizpen-sektore bat hobetzeko, enpresa, administrazio eta erakunde zientifikoaren inplikazioa duen ikerketa aplikatuko ereduari erabat egokitzen zaio, ezagutza zientifiko berri bat finkatuz. Nahiz eta argitalpen honetan 1100 behiren urteko bajen analisia agertu, 60000 azterketa mikrobiologiko eta immunologiko baino gehiago egin dira. Eraginik handiena paratuberkulosia agertu baino lehen, bereziki animaliaren lehenengo urtean nabaritzen da. Izan ere, lehen urte horretan animaliak birus- eta bakterio-infekzio askorekiko sentikorragoak dira, normalean tratamendu antibiotikoak behar izaten dituztelarik. Animalien hazkuntzan biziraupena handiagoa izateak, produkzioa jasangarriagoa izatea eragiten du, baliabide gutxiago behar izanik ekoizpen-maila berdinari eusteko. Honek animalien ongizatea areagotzen du, sarritan gaixotasunen ondorioz emandako baja ekiditen direlako, bai eta animalia zaharra izateagatik emandako baztertze-goiztiarrak ere.

Argazkia: NEIKER-Animalia Osasun saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *