Antibiotikoak funtsezkoak dira osasun publikoa eta animalien osasuna babesteko. Hala ere, antibiotiko batzuen edo guztien aurrean erresistenteak diren bakterioen agerpena eta barreiadura, hurrengo pandemia bihurtzeko arriskua duen osasun-arazo bat da. Bakterioak muturreko egoeretara egokitzeko eta muturreko inguruneetan bizirik irauteko gai dira. Haien material genetikoa aldatuz (mutazioen bidez edo ingurune bera partekatzen duten bakterioen arteko gene-trukaketaren bidez), bakterioek “gogora” dezakete eta mehatxuei aurre egin diezaiekete. Mekanismo horien bidez, antibiotikoekiko erresistenteak egiten dituzten geneak lor ditzakete eta horiei esker, bizirik irauteaz gain, antibiotikoaren aurrean ugaltzen ere jarrai dezakete.
Bakterioek dituzten erresistentziak, bakterioak existitzen direnetik existitzen den fenomeno naturala izan arren (antibiotiko batzuk modu naturalean agertzen dira naturan), gizaki eta albaitarien medikuntzan antibiotiko gehiegi erabiltzeak eragiten duen presio selektiboak, ezagutzen diren antibiotiko guztiekiko erresistentzien agerpena eta hedapena bizkortu egin du. Antibiotikoak hartzen ditugun bakoitzean, bakterio gaizto batzuk hiltzen ditugu, baina baita onak ere. Gainera, erabilera desegokia egiten badugu (bai pertsonengan, zein animaliengan); bai behar ez direnean erabiltzen ditugulako, antibiotiko egokia erabiltzen ez dugulako edo/eta ez badugu dosi egokian eta behar den denboran aplikatzen, bakterio batzuk erresistente bihurtzea lortzen dugu eta, beraz, tratamenduek ez dute funtzionatuko.
Ekoizpen-animalien kasuan, aziendan antibiotikoak erabiliz gero, haztegietan eta inguruan bakterio erresistenteen agerpena areagotzen dugu. Honek ez dakar soilik animalietan tratamendu antibiotikoak eraginkorrak ez izatea; aitzitik, bakterio erresistente horiek elikagaien bidez edo ingurumenaren kutsaduraz, biztanleriara ere irits litezke.
Eskura ditugun antibiotikoen eraginkortasuna zaindu nahi badugu, zuhurtziaz erabili behar ditugu: “Ahalik eta gutxien, behar adina”.
Animalia Osasun Sailetik, URAGAN proiektuaren barruan (“Abeltzaintzan antibiotikoak zentzuz erabiltzea”, Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikorako, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Sailak finantziatuta) eta Euskadiko Mikrobioen aurkako Erresistentzien aurkako Jarduera Programarekin (EAEko RAM) koordinatuta, esne-behien sektorean antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzeko gomendio-gida batzuk prestatu ditugu. Bi dokumentu dira, bata abeltzainentzat eta bestea sektorean lan egiten duten albaitarientzat. Testu honen amaieran dauden esteken bidez pdf bertsioetara sar zaitezkete. Laster, interesa dutenen artean banatzeko, paperezko bertsio laburragoak ere eskura izango dituzue.
Esnetarako behi-aziendetan antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzeko gomendioak. ABELTZAINAREN ROLA.
Esnetarako behi-aziendetan antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzeko gomendioak. ALBAITARIAREN ROLA.