Mikobakterioak medikuntzan eta albaitaritzan garrantzia duten mikroorganismoak dira, eta ingurunearen, animalien eta gizakien artean barreiatzen dira. Mikobakterioak, animalia-osasunean garrantzi berezia duten bi gaixotasun eragiten dituzten bakterioak dira, hala nola tuberkulosia eta paratuberkulosia. Tuberkulosiaren kasuan, behi- eta ahuntz-aziendaren gaixotasuna desagerrarazteko programa ofizialak daude. Hala ere, basa-faunaren eta aziendaren arteko elkarrekintzak programa horien arrakasta arriskuan jar dezake, bai tuberkulosia eragiten duten mikobakterioen transmisioagatik, bai tuberkulosiaren diagnostikoan interferentziak sor ditzaketen mikobakterio ez-tuberkuloso batzuengatik.
Hori dela eta, EAEko basa-faunaren eta behi-aziendaren artean gertatzen diren elkarrekintzen espazio- eta denbora-ereduak ikertzea proposatu genuen. Izan ere, EAEn behi-tuberkulosiaren prebalentzia %0,1 baino txikiagoa da eta mikobakterio ez-tuberkulosoak hauteman dira ikertutako animali basatien %10ean, 2012 eta 2019 bitartean. Ikerketa hori egiteko, urtebetez, Mycobacterium bovis edo mikobakterio ez-tuberkulosoen historiala zuten EAEko hiru ustiategiren 67 kokalekutan argazki-tranpak jarri ziren, eta lortutako bideoen datuak sei espezie basatik abeltegi horietara egindako bisitak modelizatzeko erabili ziren. Guztira, basa-faunaren 1293 bisita erregistratu ziren; horietatik %85 gauez izan ziren, eta azeria izan zen haztegietara gehien joan zen espeziea. Zuzeneko elkarrekintzak ia anekdotikoak izan ziren (%2) zeharkakoekin alderatuta (% 98). Azpimarratzekoa da, halaber, abere-larreak izan zirela animalia basatiak eta behiak elkarrekintzan aritzeko lekurik aproposena, baina lortutako emaitzen arabera, mikobakterioen transmisioa, nagusiki, zeharkako elkarrekintzen bidez gertatuko litzateke. Penintsulako beste eskualde batzuetan aurretik argitaratutako emaitzen kontra, badirudi ur- eta janari-puntuak ez direla bereziki erakargarriak EAEko basa-faunarentzat. Hala ere, azkonarren gorotz-lekuak agregazio-puntuak izan daitezke azkonar, basurde eta azeriarentzat, eta, beraz, mikobakterioen esposizio-puntu ere izan daitezke hiru espezie horien eta behi-aziendaren artean.
Jarraian, azterlan honetan grabatutako bideo baten edukia erakusten da. Bertan, animalia basatien eta etxeko abereen arteko gaueko interakzioa ikusten da.
Lan hau INIAk (RTA84-00002-C02-02 proiektua), Interreg-POCTEFA EFA357-19-INNOTUB (FEDER co-funded) eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute, Animals aldizkarian argitaratu da eta esteka honetan kontsulta daiteke.