Azaroaren 18tik 24ra, Antimikrobianoen aurkako erresistentziari buruzko kontzientziazioaren Munduko Astea egingo da. Aurten, hiru alderdiko alianza; Nekazaritzarako eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundea (FAO), Animalien Osasunerako Mundu Erakundea (OIE) eta Osasunaren Mundu Erakundea (OME)] osatzen duten erakundeek “Kontzientziazioa zabaltzea, erresistentzia geldiaraztea” leloa aukeratu dute, Osasunaren Alderdi Bakarra (One) delakoaren hurbilketa eginez eta, bide batez, parte hartzen duten alderdi guztiei; arduradun politikoei, osasun-zerbitzuei eta, oro har, jendeari antimikrobianoen aurkako erresistentziaren dinamizatzaile bihur daitezela eskatuz. Bestalde, Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC) 2008an bultzatutako ekimen baten ondorioz, azaroaren 18an Antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzeko Europako Eguna ospatzen da. Helburua antibiotikoak behar ez bezala erabiltzeak dituen arriskuez kontzientziatzea da, bai giza osasunean, bai animalien osasunean , antibiotikoak modu arduratsuan kontsumitzeko deia egitea, antimikrobianoen aurkako erresistentzia ager eta zabal ez dadin.
Hona hemen publiko orokorrarentzat eta bide batez animaliei ere egokitu daitezkeen ECDCren mezu nagusiak:
Noiz hartu behar ditut antibiotikoak?
Antibiotikoek ez dituzte birusek eragindako infekzioak sendatzen (hotzeri arrunta edo gripea, adibidez), bakterio-infekzioei aurre egiteko bakarrik dira eraginkorrak. Antibiotikoak emateko beharrari buruzko diagnostiko zuzena eta erabakia medikuek eta albaitariek dute bakarrik.
Gogoratu: antibiotikoak birusen aurka ez dira eraginkorrak.
• Antibiotikoak bakterio-infekzioei aurre egiteko baino ez dira eraginkorrak; ez dute birusak eragindako infekzio batetik sendatzen lagunduko, eta ez dute birusak beste pertsona edo animalia batzuei transmititzea eragotziko.
• Antibiotikoak oker erabiltzen direnean (adibidez, hotzeri edo gripe bati aurre egiteko), ez dute gaixotasuna sendatzen, eta, gainera, bakterioak erresistente bihurtzen dituzte; beraz, baliteke etorkizunean antibiotiko horiek eraginik ez izatea.
Nola hartu behar ditut antibiotikoak?
Medikuak edo albaitariak antibiotikoak hartu behar direla baieztatu badu, oso garrantzitsua da modu arduratsuan eta jakitunak adierazitako jarraibideei jarraituz hartzea.
Gogoratu: hartu antibiotikoak arduraz eta denon artean antibiotikoek eraginkorrak izaten jarraitzea lortuko dugu.
• Antibiotikoak erabiliz gero, bakterioak erresistente bihurtzen dira; beraz, garrantzitsua da behar-beharrezkoa denean bakarrik hartzea, eta medikuaren edo albaitariaren jarraibideei jarraitzea, etorkizunean ere eraginkorrak izaten jarraitzea nahi bada.
• Ez gorde tratamenduaren ondoren soberan dituzun antibiotikoak. Errezetatu zizutena baino dosi handiagoa baduzu, soberakina dagokion guneetan bota (farmaziako OKJSI puntuan edo baimendutako kudeatzaileen bidez).
• Orain dela bost urte pentsaezina zen erritmoan, antibiotikoek eraginkortasuna galtzen dihardute, sortutako erresistentzien ondorioz. Horrek bakterio batzuen aurrean antibiotiko eraginkorrik gabe gera gaitezkeela esan nahi du.
• Antibiotikoak gaur egungo erritmoan kontsumitzen jarraitzen badugu, Europak, antibiotikoen aurreko arora atzera egin lezake, bakterio-infekzio normal eta arrunt batek, pneumonia kasu, heriotza ekar lezakeelarik.
Abeltzaintzari dagokionez, NEIKEReko Animalien Osasun Sailak bi gida argitaratu ditu, esnetarako behi-aziendaren sektorean antibiotikoak zentzuz erabiltzeko gomendioekin. Esteka hauetatik deskarga ditzakezu:
Esnetarako behi-aziendetan antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzeko gomendioak. ABELTZAINAREN ROLA.
Esnetarako behi-aziendetan antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzeko gomendioak. ALBAITARIAREN ROLA.
#EAAD, #AntibioticResistance, #Antibiotics & #KeepAntibiotics Working