I+G+B jarduerak finantzatzeko Asturiasko Printzerriak 2014. urtean ikerketa-taldeentzako laguntza-programa (GrupIn) abian jarri zuen, bertako erakundeetako ikerketa-taldeei zuzenduta dago. Hauen helburua ikertzeko gaitasuna sendotzea, talentua erakartzea eta atxikitzea, taldeen arteko sinergiak eta elkartzeak sustatzea da, Europako Ikerketa Esparruan erronkei aurre egitea lortzeko. SERIDAko NySA (Elikadura eta Animalien Osasuna) taldeak 2021. urteko deialdian, Leongo Unibertsitateko eta NEIKEReko Animalien Osasun Saileko ikertzaileak aditu gisa zeuden proposamen bat aurkeztu zuen. Diziplina anitzeko talde honen helburua gizartearen, ingurumenaren, ekonomiaren eta osasunaren ikuspegitik animaliak ekoizteko sistemen jasangarritasuna areagotzea da. Aintzakotzat ustiategian bertan dauden baliabideen erabilera arrazoizkoa, osasuna [osasun bakarraren ikuspuntutik, pertsonak eta animaliak (etxekoak eta basatiak eta haien arteko harremanak) bilduz], ingurumena, animalien ongizatea eta azken produktuaren kalitatea eta trazabilitatea hartzen ditu. Horrek, nekazaritzako elikagaien ekoizpenarekin lotutako ia alderdi guztiak lantzen direla esan nahi du.
Taldearen indar nagusia diziplina aniztasuna da, gizarte- eta abeltzaintza-arloko behar teknologiko ugari betez, baliabideak optimizatzeko aukera ematen baitio. Era honetan, informazio geografikoko teknologien (TIG) eta artzaintzarako sistema eraginkorren ikerketa-beharrak asetzen dira, ekoizpen iraunkorreko sistemak ezartzen lagunduz besteak beste. Animalien osasunari dagokionez, parasitoen kontrako sendagaiak erabiltzearen alternatiba jasangarriak ikertzen dira, abeltzaintza estentsiboko sistemetan ingurumen-inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin. Taldeak behien bi mikobakteriosiak, tuberkulosia eta paratuberkulosia, bektoreek transmititutako gaixotasunak eta gorakadan dauden beste gaixotasun batzuk, hala nola Q sukarra, ere aztertzen ditu. NEIKEReko Animalien Osasun Sailak urteak daramatza SERIDArekin elkarlanean, mikobakteriosiaren, akainen bidez transmititutako gaixotasunen eta Q sukarraren inguruan azken urteotan ainbat proiektu bateratu finantzatu dira. Deialdi honen finantzaketak erakundeen arteko lankidetzarekin jarraitzea ahalbidetuko du, sortutako ezagutzaren ikuspegia zabalduz.