Coxiella burnetii derrigorrezko bakterio intrazelular zoonotikoa da eta Q sukarra eragiten du. Naturan oso zabalduta dago eta gizakientzako infekzio-iturri ohikoenak etxe-hausnarkariak dira. Basa faunak ere bakterioaren gordailu gisa jardun dezake. Euskadin zehar duela gutxi (2011-2019 aldian) bildutako 652 basa-ungulaturen eta 218 basa-hegaztien bare-laginak, real time PCR bidez aztertu ditugu. Basa-ungulatuen artean, orkatzen % 7-an, basurdeen % 1,9-an eta oreinen % 2,4-ean C. burnetii-ren DNA detektatu zen. Orkatzaren prebalentzia basurdearena baino handiagoa izan zen. Hegazti basatien artean, zikoina zuri batek bakarrik eman zuen positibo. Coxiella burnetii-ren genotipoen azterketak, ungulatu basatiek Euskadiko etxe-hausnarkariekin SNP-2, SNP-6 eta SNP-8 genotipoak partekatzen zituztela erakutsi zuen. Hala ere, zikoina zuriak Euskadin aurrez identifikatu gabeko C. burnetii genotipo (SNP-3) bat zuen. Emaitza horiek duela hamarkada bat (2001-2006) eremu berean lortutakoekin alderatuz gero, ikertutako espezieetan ez zen C. burnetii-ren prebalentzian aldaketa esanguratsurik nabarmendu. Horrek zoonosi honen prebalentzian nolabaiteko egonkortasuna adierazten du. Hala ere, beharrezkoa da orkatzen eta basurdeen populazioetan gertatzen den infekzio-aldaketak monitorizatzea, kontuan hartuta azken hamarkadetan bi espezieen dentsitatea handitu egin dela.
Veterinary Microbiology aldizkarian “Stable prevalence of Coxiella burnetii in wildlife after a decade of surveillance in northern Spain” izeneko artikulua berriki argitaratu da. Informazio gehiago nahi izanez gero, lan osoa maiatzaren 31ra arte deskarga daiteke helbide honetan:
https://authors.elsevier.com/a/1euig_8cEaDsES
Argazkia: Pexels – cmonphotography – 3160373