Kaparren ziztadak desatseginak izateaz gain, infekzioak transmititu eta immunitate-sisteman aldaketak eragin ditzake. Alfa-Gal (α-Gal) izeneko gluzido bat transmititzen duen kaparraren ziztada izan ohi da alfa-Gal sindromearen (SAG) jatorria. Pertsona batzuen kasuan immunitate-sisteman asaldura eragiten du eta ondoren erreakzio alergikoak ager daitezke, hauek arinak edo larriak izan daitezkeelarik. Erreakzio hauek haragi gorria edota animalia-jatorriko beste produkturen bat jan eta hiru edo sei ordu igaro ostean agertzen dira. SAG Europan, Estatu Batuetan, Australian eta Asian diagnostikatua dago, non kapar espezie ezberdinek α-Gal molekulak garraiatzen dituzten, besteak beste Ixodes ricinus espezieak, EAEn oso ugaria dena.
α-Gal oligosakaridoa ugaztun ez-primateen zelula zein ehunetan eta kaparren listuan aurkitzen da. Gizakiek ezin dutenez α-Gal gluzidoa sintetizatu, honen presentzian immunitate-sistemak erantzun bat eragiten du. Esaterako, traktu-gastrointestinaleko bakterioek beren kanpo-mintzean α-Gal oligosakaridoa dutenez, giza gorputzean anti α-Gal IgM eta IgG antigorputzak ekoizten dira etengabe. Hala ere, pertsona batzuengan gertatzen den α-Gal-aren aurkako IgE antigorputzen ekoizpena da arazoa, antigorputz hauek erreakzio alergikoak eragin baititzakete. Gorputzak bide desberdinen bidez eragin ditzake erreakziook, besteak beste, haragi gorria irentsi ondoren gertatzen diren erreakzio atzeratu gisa eta kapar baten ziztadaren ondoriozko berehalako erreakzio gisa.
Ikertzaileek uste dute azalpenik gabeko erreakzio anafilaktiko ugari izaten dituzten pertsonei eragin diezaiekeela sindrome honek, beti ere pertsona hauek bestelako elikagaiekiko alergiak detektatzeko probetan emaitza negatiboak emanez gero. Arazoa konpontzeko, haragi gorriaren eta animalia-jatorriko bestelako produktuen kontsumoa saihestu behar da.
Duela gutxi, RemAb Therapeutics (Mòdul de Recerca B, UAB Bellaterra, Barcelona) buru duen ikerlan batean parte hartu dugu. Ikerketa honek anti α-Gal IgE antigorputzen inhibizio selektiboaren bidez asaldura alergikoak tratatzeko α-Gal-glikokonjugatu polimerikoetan oinarritutako immunoterapia bat aurkezten du. Gainera, GalT-KO saguetan α-Gal-en sentsibilizaziorako animalia-eredu bat garatu zen, honi kaparren listu-guruinak ekoiztutako estraktua intradermikoki emanez, gizakietan postulatutako sentsibilizazio mekanismoa imitatzeko asmoz. Ikerketak aditzera ematen du poli-L-lisinan oinarritutako α-Gal-glikokonjokatuen balizko erabilera klinikoa anti α-Gal IgE antigorputzen bitartez eragindako asaldura alergikoak tratatzeko.
Artikuluaren link:Frontiers | Poly-L-Lysine-Based αGal-Glycoconjugates for Treating Anti-αGal IgE-Mediated Diseases | Immunology (frontiersin.org)