Listeria monocytogenes zelula-barneko patogeno fakultatibo bat da eta gizakiei nahiz animaliei eragiten dien listeriosi gaixotasun larriaren sortzailea da. L. monocytogenes nonahi dagoen bakterioa da eta hainbat txoko ekologikotan, natur eta nekazal inguruneak barne, aurki daiteke. Baserriko animaliak, bereziki hausnarkariak, L. monocytogenes-en gordailu garrantzitsu bat dira eta gorozkietan eskretatzen dutenez baserri ingurumenak kutsatzen laguntzen dute. Basafaunak bakterio honen gordailu gisa ere garrantzia du. Gainera, L. monocytogenes-ek baserriko lurzoru eta inguruneetan denbora luzez biziraun dezake. Biofilmak** sortzeko eta desinfektatzaileen ekintzari aurre egiteko gaitasuna dutenez, andui batzuk naturan (baserri) eta baita elikagaiak prozesatzen diren tokietan denboraldi luzez irauteko gai dira.
Hogeita bat bazkideren elkarlanaren ondorioz berriki egindako lan batean, L. monocytogenes-en 1484 isolaturen genoma osoak sekuentziatu dira. Isolatu hauek europako 19 herrialdetako eta hainbat konpartimentu ekologikotako jatorria izan dute, andui desberdinek elikagaietara egokitzeko dituzten mekanismoak aztertzeko erabili dira. Sortutako genoma-bildumak 756 animalia-jatorrikoak (411 baserriko animalietatik, 179 animalia basatietatik eta 166 baserri ingurunetatik lortuak) eta 728 elikagai-jatorrikoak (246 haragi, 165 arrain, 119 esneki, 95 landare eta fruitu, eta 103 plater konposatu jatorrikoak) biltzen ditu. Lortutako datuen multzoak L. monocytogenes-en dibertsitate genetiko zabalaren berri ematen du; izan ere, haren MLST patroietatik ondorioztatzen denez, 137 sekuentzia mota (ST) ditu, 54 konplexu klonal (CC) desberdinetakoak eta 25 sekuentzia mota (ST) bakarrekoak. Elikagaietan gehien aurkitu ziren CCak (CC9 eta CC121) animalietan edo baserri/natur-ingurunetan oso gutxitan aurkitu zirela behatzea interesgarria izan da. Hala ere, elikagaien industrian urte batzuz iraun dezaketen eta honen ondorioz, industria honentzat erronka handia diren CC batzuk hauteman dira (CC1, CC2, CC4, CC5, CC6, CC8).
NEIKEReko Animalien Osasun Sailak lan honetan parte hartu du, EAEn 2004 eta 2005 urteetan eta 2014 eta 2016 urteen artean egindako ikerketetan hausnarkarietatik (behi- eta ardi-aziendetatik) eta hegazti-ustiategietatik lortutako isolatuen ekarpena eginez: https://doi.org/10.1016/j.vetmic.2017.09.003
https://www.ncbi.nlm.nih.gov/pmc/articles/PMC2651128/pdf/1746-6148-5-2.pdf
Azterlan honen xehetasunak biltzen dituen argitalpen osoa Scientific Data 9: 190 (2022) delakoan argitaratu da, lotura honen bidez ikus daiteke https://www.nature.com/articles/s41597-022-01278-6.pdf
** Biofilmak exopolisakaridoen matrize batean murgilduta eta ehun bizidun bati edo material bizigabeen gainazaletan (hala nola lurzoruetan edo ustiategien, hiltegien edo prozesatze-instalazioen ekipamenduetan) atxikita hazten diren mikroorganismo-komunitateak dira. Biofilmen hazkundea bakterioek naturan hazteko duten ohiko modua da eta ingurunean bakterioak bizirautea errazten du, lehortzetik eta biozidetatik (antibiotikoak edo desinfektatzaileak esaterako) eta ostalariaren erantzun immunetik babesten baititu.