Profil genetiko espezifikoa duten eta gaixotasuna jasateko eta lesiorik ez garatzeko gai diren, Mycobacterium avium susbp. paratuberculosis espeziearekin infektatutako behi frisonak identifikatu ditugu

Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis (MAP) paratuberkulosiaren (PTB), esnetarako behien sektorean galera ekonomiko handiak eragiten dituen enteritis granulomatoso kronikoaren, eragile kausala da. PTBrekiko sentikortasun genetikoa asko aztertu den arren, orain arte ez zen ezagutzen lesiorik garatu gabe gaixotasuna jasateko profil genetiko jakin bat zuten animaliarik ba ote zegoen. Animalia asintomatiko ugari eragiten dituzten PTB bezalako gaixotasunen endemiko eta kronikoen kasuan, gaixotasuna kontrolatzeko animalia toleranteak hautatzea estrategia onuragarria izango litzateke, kutsatuta egon arren, zeinu klinikorik eta lesiorik garatzen ez duten animaliak hiltzea eta ordezkatzea saihestuko bailuke. Hantura eta kalte tisularra kontrolatzen dituen oinarri genetikoa ulertzea baliagarria da tolerantzia modulatzen eta eragiten duten agenteak garatzeko. Honek, PTBarekiko tolerantzia handiagoa duten animalien hautaketan lagunduko luke. Bestalde, infekzioak eragindako kaltea konpontzen duten tolerantzia-mekanismoak ohikoak dira patogeno-gama zabal baten aurrean, eta, azken batean, ostalariaren osasun orokorra eta bizi-luzera baldintzatzen dute. Horregatik, NEIKEReko Animalia Osasun Sailean PTBarekiko tolerantziari lotutako oinarri genetikorik ba ote dagoen zehaztea proposatu genuen, eta, horrela, horren ardura duten eskualde genetikoak eta mekanismo zelularrak eta molekularrak definitu. Horretarako, kasu-kontrol motako genoma osoaren (GWAS) azterlan bat egin zen. Honetan, PCRn eta ehun-hazkuntzan emaitza positiboa zuten behi frisoien sekuentzia osoari egotzitako genotipoak erabili ziren, baina heste-ehunean eta lotutako linfonodoetan lesiorik gabekoak (N = 24). Kasuaren definizio horretatik abiatuta, kontrol-populazioan 253 behi zeuden, PCRn eta ehun-hazkuntzan emaitza negatiboa zutenak eta lesio fokalak zituztenak. Guztira, nukleotido bakarreko 40 polimorfismo, 98 gene hautagai, 7 ontologia geniko eta PTBrekiko tolerantziari lotutako 2 ibilbide metaboliko detektatu ziren. Identifikatutako 7 ontologia genikoak DNAren paketatzearekin eta konformazio-aldaketekin lotuta zeuden; aberastutako bi ibilbideak, berriz, tumore-nekrosiaren faktoreak (TNF) eragindako berezko erantzun immunearen indukzioarekin eta Toxoplasmosiarekin lotzen ziren. DNAren kalteak organismoaren homeostasia arriskuan jar dezake eta gaixotasunak sortzen lagun dezake. Horregatik, DNA konpontzeko eta paketatzeko gaitasun handiena duten indibiduoek homeostasi zelular hobea eta bizi-itxaropen handiagoa dute. Bestalde, berezko erantzun immuneak, patogenoa ezabatzeko garrantzitsua izan arren, kalte tisularra ere eragin dezake kontrolatzen ez bada. Gure azterlanean, TNFren seinaleztapen-ibilbideaz gain, animalia toleranteetan Toxoplasmosiaren ibilbidean inplikatutako gene hautagaien aberastasun bat identifikatu genuen. Bide metaboliko hori aktibatuz gero, MAP bidezko infekzio iraunkor bat ezar liteke, bizitza osoan ostalarian irauteko gai diren parasito intrazular batzuek eragindako infekzioetan deskribatu den bezala. Laburbilduz, gure azterketak aukera eman zuen animalia toleranteen profil immunogenetiko espezifiko bat definitzeko; DNAn kalteak konpontzeko diseinatua, karga bakterianoa kontrolatzeko, hantura modulatzeko, kalte tisularra mugatzeko, eta infekzio iraunkor baten ezartzea errazteko.
CSIC Nekazaritza eta Elikagaigintzako Ikerketa eta Teknologiako Institutu Nazionaleko Animalien Hobekuntza Genetikoko Sailarekin elkarlanean egin da lan hau. Bidebatez, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak finantzatutako proiektu bati esker egin da (RTI2018-094192-R-C21).
Emaitzak Frontiers in Immunology aldizkarian argitaratu da: https://pubmed.ncbi.nlm.nih.gov/35464478/

Irudia: NEIKEReko Animalia Osasun saila 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *