Ekainaren 7tik 10era bitartean Galwayn (Irlanda), Mycobacterium bovis Nazioarteko VII. Biltzarra egin da. 2020rako antolatu zen kongresuetako bat zen, baina pandemiaren ondorioz atzeratu egin zen. Bost urtean behin, animalien tuberkulosian interesa duten bost kontinenteetako 450 ikertzaile eta teknikari baino gehiago biltzen dituen biltzarra da. Mycobacterium bovis, Mycobacterium tuberculosis konplexuaren barruan aurkitzen da eta animalien tuberkulosiaren eragile nagusia da. Nahiz eta agente zoonotikoa izan, herrialde garatuetan osasun publikoan garrantzi gutxi ematen zaio. EFSAk 2020ko datuei buruz argitaratutako azken txostenean, Mycobacterium bovis edo Mycobacterium caprae bidez kutsatutako Europako 88 herritarren kasuak bakarrik agertzen ziren eta horietatik %44,3 EBtik kanpo kutsatu zen. Txostenean ez da zehazten kasu horiek animalia eta gizakien arteko transmisioagatik izan diren edo pertsonen arteko transmisio zuzenengatik izan diren. Hala ere, giza tuberkulosia arazo handia da oraindik garapen-bidean dauden herrialdeetan eta bakterioaren iraupenean, M. bovisen izaera zoonotikoak garrantzi handia du.
Biltzarraren programa, aurreko aldietan bezala, hitzaldi eta komunikazioetan banatu zen. Hitzaldiak hainbat herrialdetako etxe-aziendan eta basa-faunan egindako kontrol eta erradikazio planen aurkezpenak izan ziren batez ere. Komunikazioei dagokienez, saio hauetan banatu ziren: One Health, Kontrolerako estrategia nazionalak, Fauna basatia, Diagnostikoa, Immunologia, Epidemiologia, Aziendaren txertaketa eta Gizarte-Zientziak. Guztira, ahozko 55 komunikazio eta 153 poster aurkeztu ziren.
NEIKEReko mikobakterioen taldeak ahozko komunikazio bat aurkeztu zuen immunologia-saioan “Heterologous and homologous vaccine protection against Mycobacterium tuberculosis complex experimentation in cattle and goats”. Gainera bost poster ere, bi One Health atalean, bat Fauna basatian eta bi Diagnostikoan, aurkeztu ziren.
Beste behin ere biltzar hau arrakastatsua izan da, horrela jarraitzea espero dugu.
https://www.mbovis2022.com/