Joan den abenduaren 1ean hil zen Jakan gure lankide ohi Lorenzo González Angulo. Lorenzo González elgoibartarra zen, eta Zaragozako Albaitaritza Fakultatean lizentziatu zen 1980an. 1982an, Eusko Jaurlaritzaren lehenengo beketako bat lortu zuen Nekazaritza Ikerketa eta Hobekuntzarako Zerbitzuan (SIMA) sartzeko. Bertan, euskal artzainek arazo nagusitzat jotzen zituzten ardi latxen arnas gaixotasun kronikoak (asma, albamina edo birikakoa) aztertu zituen. Espainian ordura arte ezezaguna zen gaixotasun hori, Islandian 50eko hamarkadan deskribatutako Maedi-Visna izeneko lentibirus bidezko infekzioa zen. Lorenzok, Edinburgoko Moredun Institutuan egindako egonaldia finantzatzeko, Eusko Jaurlaritza motibatzea lortu zuen, garai hartan SIMAko birologoa zen Juan Luis Gelabertekin batera, birusaren isolamenduaren bitartez gaixotasunaren etiologia baieztatzeko. Ikerketa hau bere doktore tesiaren gaia izan zen: “Maedi edo pneumonia progresiboa euskal autonomia erkidegoko ardi-aziendaren arnas gaixotasun kronikoen multzoan”, 1989an defendatua, eta Animalien Osasunean lehen euskal tesia izan zena. Aurkikuntza horren argitalpena SIMAren nazioarteko lehen lanetako bat izan zen, eta ikerketa-ildo emankor bat ezartzeko oinarriak finkatu zituen. Ildo horrek jarraipena izan zuen, ez bakarrik SIMAn (ondoren, NEIKER), baita Europako beste zentro batzuetan ere. Gainera, lan horrek NEIKERreko lehen patentea, egun, oraindik ere, egile-eskubideak jasotzen dituena, eta urteetan zehar bakarra Euskadiko nekazaritza-ikerketaren ustiapenean bideratu zuen. Urte horietan, taldeko gainerako kideek Animalien Patologia taldeko buru izendatu zuten Lorenzo, eta, azkenean, saileko buru izendatua izan zen 1998ra arte. Urte hartan, SIMAtik gaur egun NEIKER osatzen duen sozietate publikorako trantsizioa gauzatzearekin bat, Eusko Jaurlaritzaren egitura organikoan jarraitzea erabaki zuen, Osasun Publikoko Saileko funtzionario gisa. Ez zuen denbora asko behar izan Erresuma Batuko Animal and Plant Health Agency-n lan egiteko eskaintza onartzeko. Han, Lasswadeko zentruan, Edinburgotik gertu, G. Jeffreyrekin batera, behien entzefalopatia espongiformearen inguruko ikerketan, lan handia egin zuen, Erresuma Batuan detektatu ondoren Europako krisi larria bihurtu zena. Lan horiek nazioarteko errekonozimendu zientifiko maila gorenetara eraman zuten, berritasun handiko hainbat argitalpenekin, horietako batzuk Nature aldizkarian, eta Journal of Comparative Pathology-ren editore gisa. Entzefalopatien krisia gainditzeak eta taldeko liderraren erretiroak 2016an Espainiara itzultzea bultzatu zuten, Jakara erretiratuz, familiarekin batera. Urte luzez, Pirinioetako eski-pisten eta amuarrain-ibaien hurbiltasunak bere bizitza osoko zaletasun nagusiak ase zituen. Bera ezagutzeko zortea izan dugunok badakigu ikertzaile nekaezina, zorrotza, serioa eta aldi berean gertukoa izan dala. Lorenzok funtsezko eragina izan du SIMAko kultura zientifikoaren sorreran eta, hedaduraz, euskal albaitaritza-zientzian, non beti leku nabarmena izango duen. Agur, Lorenzo, maisu eta bidelagun.