Oroimen inmunologikoa, soilik egokitzapeneko erantzun inmunitarioaren ezaugarria zela onartu izan da historikoki, zeina ez den sortzetiko erantzun bat, ikasia baizik. Ikaskuntza hori inmunitate-sistemak kanpo-eragileekin (infekzio- edo txertatze-prozesu bateko patogeno baten antigenoak) topo egiten duenean gertatzen da, izan ere, une horretan eskuratutako inmunitate deritzonak antigeno horiei eraso egin eta memoria bat garatzen (eraso-protokoloa) baitu. Honi esker, denborarekin antigeno jakin horrekiko lehen topaketan gertatu ziren erantzunak baino azkarragoak eta eraginkorragoak garatuko ditu eskuratutako inmunitateak.
Berezko inmunitatea deritzona aldiz, memoria inmunologiko hori muntatzeko ezintasuna dela eta, eskuratutako inmunitatetik bereizi da eta erantzun azkar eta ez-espezifikotzat hartu da. Hala ere, ikerketa askori esker frogatu da patogeno batekin aurrez topo egin ondoren berezko inmunitatea gai dela egokitzeko, ikasteko eta memoria sortzeko. Aurreko sarreretan aipatu izan dugun prozesu honi ikasitako inmunitatea deritzo. Berezko inmunitate-erantzunaz arduratzen diren zelulak honakoak dira: monozitoak (aurrerago makrofago izatera bereiziko direnak), neutrofiloak, eosinofiloak, basofiloak eta NK zelulak (Natural killer linfozitoak). Gaur egun, txertaketa edota infekzioaren ondoren monozitoak eta neutrofiloak nola aldatzen diren ikertzen jarduteak, ikasitako inmunitatearen ikerketa-eremuan aurrera egiten lagundu du, honi esker txertoetan jarduteko mekanismo berriak identifikatzea ahalbidetuz.
Animalien Osasuna Sailak ildo horri jarraituko dio Leongo Unibertsitatearekin (ULE) koordinatutako proiektu bati esker (Unveiling early immune responses and trained immunity associated to paratuberculosis vaccination and infection in cattle-PARAINVAX, PID2021-125807OB-C22), zeina Estatuko Ikerketa Agentziak finantzatzen duen. Proiektu horren helburu nagusia txertatutako eta inmunizatu gabeko animalietan paratuberkulosiaren hasierako faseetako ostalari-patogeno elkarreragina nola gertatzen den jakitea da, arreta berezia jarriz neutrofilo eta makrofagoek gidatzen dituzten ikasitako berezko inmunitate-erantzuneko mekanismoetan. Horretarako, ardi (ULE) eta behietan (NEIKER) txertaketa-esperimentuak egingo dira. Esperimentu horietan, neutrofilo eta makrofagoek Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis (Map) mikobakterioaren aurrean duten jarduera ebaluatuko da, baina baita esnetarako behien intereseko beste patogeno batzuen aurrean duten jarduera ere. Honetaz gain, txertaketa edota infekzio ostean birprogramazio epigenetikoa dagoen zehaztuko da. Horrela, Map-ek eragindako infekzioaren patogenian esku hartzen duten mekanismoak eta txertoaren babesari lotutakoak (biak hasierako faseetan) hobeto ezagutzea lortuko da, honek txerto berriak edo hobetuak, zein kontrol-prozedura eraginkorragoak garatzeko jarraibideak sortuz.