Joan den martxoaren 29an gure lankide Maitane Tellok doktoretza-tesia aurkeztu zuen, “ESBL-, AmpC- and carbapenemase-producing commensal Escherichia coli in domestic ruminants: Phenotypic and whole genome-based characterization to investigate antimicrobial resistance diversity and within-farm transmission dynamics” izenburupean. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko gradu-aretoan egin zen defentsa. Doktoretza-tesia NEIKEReko Animalien Osasun Sailean egin da, Ana Hurtado eta Medelin Ocejo doktoreen zuzendaritzapean, URAGAN proiektuaren esparruan. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak finantzatu du. Maitanek, bere prestakuntzaldian, Prestatzen ari diren Ikertzaile Gazteentzako laguntza bat izan du (doktoratu aurreko kontratuak), Eusko Jaurlaritzako sail berak finantzatua.
Tesi honetan zeharkako ikerketa bat egin da EAEko etxe-hausnarkarien artaldeetan, espektro hedatuko betalaktamasa (ESBL), AmpC motako betalaktamasa (AmpC) eta karbapenemasen (CP) ekoizle diren E. coli komentsalen prebalentzia zenbatesteko. Era berean, bakterio hauek esne-behien baserrietan duten transmisio-dinamika aztertu da eta genoma osoaren sekuentziazio masiboko teknikak (WGS) erabiliz bakterio hauen genoma zein beraien determinante genikoak karakterizatu dira. Emaitzen arabera, EAEko hausnarkariak, batez ere esnetarako behi-azienda, ESBL ekoizle diren eta hainbat erresistentzia dituzten E. coli-en anduien gordailu garrantzitsuak dira. Bestalde, egiaztatu da CP ekoizle diren E. coli-en presentzia oso noizbehinkakoa dela (esnetarako behi-aziendaren txahaletan isolatu zen andui bakarra). WGS-ari esker, behi-aziendan lehenengo aldiz isolatutako NDM-1 karbapenemasaren ekoizle den E. coli isolatuaren karakterizazio osoa egin ahal izan zen. Gainera, karakterizazio honi esker, Escherichia marmotae aurkitu da lehen aldiz behi-aziendan, teknika fenotipikoen bidez bereizi ezin den E. coli espeziea. Aurretik, espezie hori Himalaiako marmotetan soilik deskribatu zen, nahiz eta giza klinikan duen garrantzia berriki frogatu den. Esne-behien baserrietan ESBL ekoizle diren E. coli-en sakabanatzearen azpian dagoen epidemiologia konplexua ere deskribatu da. Lan honen harira lau artikulu argitaratu dira sarbide libreko zientzia-aldizkarietan, blog honetan horien berri ematen joan garelarik.
NEIKEReko Animalien Osasun Sailak zorte handia opa diogu Maitaneri bere ikerketa-ibilbidean, eta zorionak eman nahi dizkiogu urte hauetan egindako lanagatik. ZORIONAK eta ZORTE ON Maitane!