Giza Q sukar agerraldi baten ikerketan parte hartu dugu, Bizkaiko Osasun Publikoko Zuzendariordetzako Epidemiologia Unitatearekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko Abeltzaintza Zerbitzuarekin lankidetzan. Ikerketa 2020ko abendutik 2023ko otsailera bitartean egin zen. EAEn jakinarazitako Q sukar agerraldirik handiena da, eta seguruenik baita estatu osokoa ere, 108 kasu egon ziren, 53 gaixo pneumoniarekin eta 27 ospitaleratze izan ziren. Lehenengo kasuak 2021eko otsailean antzeman ziren, Bizkaiko kobazulo bat bisitatzen zuten eskalatzaileen artean, eta azken kasua 2021eko urrian antzeman zen. Kasu gehienak Aste Santuko oporren ondoren (2021eko apirila-maiatza) jakinarazi ziren. Denboraldi horretan, Covid-19ren ondorioz ezarritako itxiera perimetralak zirela eta, kobazuloetan ohi baino bisitari gehiago izan ziren, gainera, ingurune natural bat denez, bisitarietako askok ez zuten nahitaezkoa zen musukoa erabili. Ikerketako gure parte-hartzea Coxiella burnetii, gaixotasuna eragiten duen agente etiologikoa, agerraldiaren hasieran kobazuloaren barruan ote zegoen jakiteko ingurumen-ikerketan oinarritu zen, baita bakterioa ingurune natural horretan bideragarri mantendu daitekeen denbora zehaztea. Hain zuzen ere, 2021eko martxoan haitzuloaren barruan hartutako hausnarkari txikien gorotzen, eta inguruneko hautsaren eta aerosoletan C. burnetiiren DNA detektatu zen. Ondoren, 2023ko otsailera arte, aldizka hauts eta aerosol laginak hartu ziren eta hauts-laginetatik abiatuta zelula-kultiboak egin ziren. C. burnetii 24 hilabetez bideragarri egon zela frogatu zen. Inguruko ardi- eta ahuntz-aziendei hartutako laginen emaitza serologikoek eta bai haitzuloan bai artaldeetan hautemandako C. burnetiiren genotipoak, kobazuloko bisitarientzat infekzio iturri probableena ahuntz-azienda izan zela iradoki zuten. Haitzuloa, abereek aterpe gisa erabilia, jendearentzat 2021eko apirilaren 29an itxi zen. Ganadua barrura sar ez zedin, itxitura perimetral elektriko bat ere jarri zen. Ordurako, eremuan ahuntz eta ardien mugimenduak murriztuta zeuden (2021eko martxoa) eta udalerriko ardi- eta hauntz-ustialekuetan txertoa jarri zen (2021eko urria). C. burnetii bideragarririk ez zegoela frogatu ondoren, 2023ko maiatzaren amaieran kobak ireki ziren. Agerraldi honek, EAE moduko eremu endemikoetan, Q sukarraren agerraldiak ustekabeko lekuetan gerta daitezkeela erakusten du, esaterako, animalia infektatuak egon daitezkeen ingurune naturaletan. Beraz, transmisioa mugatzeko, zaintza- eta alerta-sistemak indartzea eta agerraldien aurrean erantzuteko gaitasuna sendotzea funtsezkoak dira.
Agerraldiaren xehetasun guztiak Eurosurveillancen argitaratutako artikuluan aurki daitezke: https://www.eurosurveillance.org/content/10.2807/1560-7917.ES.2023.28.28.2200824