Arriskuen azterketa (AR) funtsezko tresna da animalien osasuna kudeatzeko eta etxeko animalien nahiz animalia basatien gaixotasunak prebenitzeko. Metodologia honek lau etapa ditu: arriskuaren identifikazioa, arriskuaren ebaluazioa, arriskuaren kudeaketa eta arriskuaren komunikazioa. Lehenengo bi etapetan, animalien osasuna arriskuan jar dezaketen mehatxuen ebaluazio sistematikoa egin behar da, bai eta mehatxu horiei lotutako arriskuen identifikazioa eta kuantifikazioa ere. Ondoren, arrisku horien eraginpean egoteak izan ditzakeen ondorioak zehaztu, eta arrisku horiek arintzeko estrategiak garatzen dira, kontrol- zein prebentzio-neurri eraginkorrak ezartzen laguntzeko, hala nola txertaketa, koarentena edota abeltegi zein eremu kritikoetan biosegurtasun-praktikak ezartzea. Era berean, AR-k erraztu egiten du ebidentzian oinarritutako erabakiak hartzea bai eta baliabideak modu eraginkorrean esleitzea, zaurgarritasun handieneko eremuak identifikatzen laguntzen baitu, esfortzua arlo horietan kontzentratu ahal izateko. Azkenik, prozesuaren fase guztiak gardentasunean oinarritzea funtsezkoa denez, arriskuaren komunikazioak fase guztiak barnebildu behar ditu.
Gaur egun, klima-aldaketa, globalizazioa eta nazioarteko merkataritzarekin lotutako faktoreek nabarmen handitu dituzte animalien gaixotasunak zabaltzeko aukera globalak. Testuinguru horretan, AR funtsezko tresna da aldaketa globaleko egoera horretan sortzen diren mehatxuak aurreikusi eta hauei eraginkortasunez aurre egin ahal izateko. Animalien Osasuna Sailetik badakigu oso garrantzitsua dela AR. Hori dela eta, Jordi Casals, Alberto Allepuz eta Margarida de Castro doktoreak, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Animalien Osasuna Saileko irakasleak, gonbidatu ditugu ikastaro bat ematera, arlo honetan daukagun prestakuntza handitzeko asmoz. Asko ikastea espero dugu, gure abeltzaintza edota fauna basatian eragina izan dezakeen edozein gaixotasun infekzioso kontrolatzen lagunduko diguten erabakiak hartzeko hobeto prestatuta egoteko.