Neutrofiloak sortzetiko erantzun immunitarioaren funtsezko osagaia dira, eta bakterio gehienak suntsitzen dituzte fagozitosiaren, degranulazioaren eta tranpa estrazelularren (NETs) askapenaren bidez, besteak beste. Ez da gehiegi ezagutzen zelula horiek mikobakterianoen infekzioetan duten paperari buruz, are gutxiago paratuberkulosian, Mycobacterium avium subspecies paratuberculosis-ek (Map) eragindako enteritis granulomatosoan. Gainera, hausnarkarietan zelula horiek Mapen aurrean duten erantzuna gutxi aztertu da.
Hori dela eta, NEIKEReko Animalien Osasun Saila elkarlanean aritu da Leongo Unibertsitateko taldeak gidatutako azterlan batean. Azterlan horretan hainbat teknika erabili dira ahuntz-neutrofiloek Map bidezko infekzioari in vitro baldintzetan ematen dioten erantzuna aztertzeko. Horrela, ikusi da immunofluoreszentziaren eta fluxu-zitometriaren bidez kimiotaxia, fagozitosia, degranulazioa eta NETen ekoizpena bezalako mekanismoak azter daitezkeela aldi berean, neutroiloek infekzioei ematen dieten erantzunaren argazki osoa izateko. Oro har, neutrofiloen erantzuna erabilitako bakterio kopuruarekiko proportzionala zen, eta gutxienez in vitro baldintzetan, ahuntz-neutrofiloek sortzetiko erantzun sendoa erakusten dute Mapen aurrean, beren mekanismo antimikrobiano guztiak erabiliz. Azterketa honek lan berriak egiteko oinarria ezartzen du, bai in vitro bai in vivo, paratuberkulosian neutrofiloek duten zereginaren gainean.
Interesa izanez gero, lan osoa kontsulta daiteke esteka honen bidez.