Antimikrobianoekiko erresistentzia erronka garrantzitsua da mundu mailako osasun publikoarentzat. Antimikrobianoekiko erresistenteak diren bakterioek eragindako infekzioei lotutako heriotzen kopuruak gora egiten du egunetik egunera, eta horren eragina hain da handia, ezen ondorio sozioekonomiko larriak dituen pandemia isiltzat jotzen baita. Antibiotikoekiko erresistentziak edozein pertsonari eragin diezaioke, edozein unetan, eta denok gara konponbidearen parte. Arazoaz kontzientziatzeko eta horren berri emateko, 2008tik, azaroaren 18an, Antibiotikoen Erabilera Zuhurraz Kontzientziatzeko Europako Eguna ospatzen da, Gaixotasunak Prebentzio eta Kontroleko Europako Zentroak (ECDC) koordinatutako osasun-ekimena, erresistentziei buruzko Munduko Kontzientziazio Astearekin lankidetzan. Hori dela eta, egun hauetan hainbat ekitaldi egiten dira antibiotikoen erabilera desegokiari lotutako arriskuei buruzko kontzientziaziorako eta kontsumo arduratsurako deia egiteko, bai giza osasunean, bai animalien osasunean erresistentzien agerpena eta garapena prebenitzeko.
Alde batetik, Antibiotikoekiko Erresistentziaren Aurkako Plan Nazionalak (PRAN), Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (AEMPS) koordinatuta, dibulgazioak osasun-arazo global hori ezagutarazteko tresna gisa duen garrantzian oinarrituta jardunaldi bat antolatu zuen joan den azaroaren 17an, ostirala. Jardunaldia hasteko, María Jesús Lamas AEMPSeko zuzendariak PRAN 2023ren emaitza eta lorpen nagusiak aurkeztu zituen, eta ondoren bi mahai-ingururekin jarraitu zuten (“Prestakuntzaren garrantzia antimikrobianoen aurkako erresistentziaren aurrean” eta “Komunikazioaren eta portaera-aldaketaren gakoak osasunaren arloan”). Mahai-inguru horietan, dibulgazioaren garrantziaz eztabaidatu zen, bai maila akademikoan, bai portaera sozialaren aldaketan, eta arazoaren larritasunaz sentsibilizatu zein kontzientziatzeko, zenbait gako eman ziren antimikrobianoekiko erresistentziaren eta antibiotikoen erabilera zuhurraren garrantziaren inguruan.
Bestalde, gaur, azaroaren 20a, ekitaldi bat egingo da European Antibiotic Awareness Day (EAAD) delakoaren esparruan. Aurten, Kontseiluak onartu berri duen Gomendioan ezarritako helburuak izango dira ardatz. Gomendio hori EBk antimikrobianoekiko erresistentziari aurre egiteko neurriak areagotzeari buruzkoa da, “Osasun bakarra” ikuspegiaren esparruan. Helburu zehatz eta neurgarrien bidez, 2030 arte antimikrobianoen aurkako erresistentziaren prebentzioarekin eta murrizketarekin lotutako aurrerapenak gainbegiratzea eta markatutako helburuak lortzea planteatzen da. Ekitaldi honetan hainbat sektoretako antimikrobianoekiko erresistentziari buruzko daturik berrienak aurkeztuko dira eta 2030erako planteatutako helburuak lortzeko beharrezko neurriak eztabaidatuko dira. Honetaz gain, EBko herrialdeek hartutako neurriak, erakunde profesionalen eginkizunak eta pazienteen ikuspegia ere nabarmenduko dira.
Gaian sakontzea interesatuz gero, ekitaldi digital hauetara sartu zaitezke eta, adituen eskutik, antimikrobianoekiko erresistentziaren eta antimikrobianoen kontsumoaren egungo egoera ezagutu dezakezu, baita ekintzarik ezaren kostu globala zein den ere eta EBn zein nazio mailan antimikrobianoak eraginkorrak izaten jarraituko dutela bermatzeko gauzatzen ari diren ekimenak ezagutu.
Jaurdunaldien estekak:
PRAN
ECDC