2022ko Spain One Health Summit-en parte hartu dugu

NEIKEReko Animalia Osasun Saila Bamberg Fundazioak antolatutako Spain One Health Summit 2022ra gonbidatu zuten. One Health edo Osasun bakar bat kontzeptuak gizakien, animalien eta ingurumenaren osasunaren artean dagoen elkarreraginari egiten dio erreferentzia, eta baita orekan nola egon behar duten ere, horietako edozeini besteek eragiten baitiote. Ez da ohikoa gaia batera jorratzen duten foroak, beraz, oso interesgarria izan zen jardunaldia.

Hau mahai-inguru formatuan antolatu zen. Bertan, arlo ezberdinetako adituek jardun bateratuak ezartzearen garrantziaz eztabaidatu zuten.

Animalia osasun arloan bi mahai eratu ziren, lehenengoa “animali-jatorriko gaixotasun kutsakorrak, zoonosia eta txertaketa” izenekoa. Mahai horren moderatzailea Alicia Urniza (Zoetis) izan zen, eta bertan Elena Andradas (CAMeko Osasun Saila), Bruno González (UCM), José Luis Sáez (MAPA), Lucía de Juan (Visavet-UCM), Joaquin Segalés (CReSA-IRTA) eta Luis E. Martín (UCM)-ek parte hartu zuten. Bigarren mahaia Juan Carlos Morenok (Zoetis) moderatu zuen “abeltzaintzan, faunan eta maskotetan osasuna” izendatua, honako hauek parte hartuz: Christian Gortázar (Ehiza Baliabideen Ikerketa Institutua -IREC), Beatriz Muñoz (MAPA), Luis Alberto Calvo (Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusia), Santiago Vega (CEU Cardenal Herrera Unibertsitatea), Miguel Ángel Jiménez (CISA-INIA) eta Joseba Garrido (NEIKER).

Bi mahai horietan, animalia osasunak interes orokorreko gaixotasunen kontrolean duen zeregina nabarmendu zen. Gizakiei eragiten dieten gaixotasun infekziosoen % 75 inguruk animaliengan duela jatorria azpimarratu zen, eta hauetan, albaitarien lanak garrantzi handia duela gaixotasun infekzioso horien kontrolean eta antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioen aurkako borrokan. Erronka handietako bat, arlo guztietako taldeek helburu berarekin egindako lana ezagutu arazteko topaguneak sortzea da, horri esker, lortutako emaitzak indartu ahal izango liratekeelarik. Askotan, lankidetzak puntualki ezartzen dira, gai zehatzetarako eta administrazioko ikertzaileen edo teknikarien arteko harreman zuzenetan oinarrituta, eta ez lan-esparru jakin bat dagoelako. Elkarrekintza hori unibertsitate-garaitik sor zitekeela pentsatu zen, irakasgai eta master partekatuak sortuz.

Bestalde, One Health lanketan disklipina berriak sartzeko beharraz ere eztabaidatu zen, ekonomia edo soziologia bezalako arloek adibidez, ekarpen handia eduki dezaketela uste baita.
Badirudi denok dakigula zer egin behar den eta horren garrantzia, baina egin egin behar da. Aurrera jarraitzeko nork ematen du izena?

Argazkia: Animalia osasun sailak CDCko grafikoekin eginda

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *