NEIKEReko Animalia Osasuna sailean hainbat proiektu ditugu martxan mikobakteriosari buruzko alderdi desberdinak ikertzen. Azken urteko proiektuetan lortu ditugun aurrerapenak partekatuko ditugu ondoren. Animalien tuberkulosia lehen mailako arazoa da oraindik abeltzaintzarako, Pirinioez gaindiko eskualdean prebalentzia-balioak ia desagertutakotzat izateko hurbil diren arren. 2020an, INNOTUB (Animalien tuberkulosia kontrolatzeko tresna berritzaileak ikertzeko eta garatzeko Pirineoez gaindiko sarea) bikaintasuneko sare zientifikoa abian jartzen parte hartu genuen. Sare honek erakunde zientifiko, administrazio eta abeltzainen arteko lankidetza oinarri izanda ekiten dio gaiari. Arazo kezkagarrienetako bat in vivo diagnostiko-proben aurrean erreakzionatzen duten animaliak dira, hauetan ezin baita infekzioa baieztatu. Arazo hau konpontzen laguntzeko hasi ditugun jardueretako bi honakoak dira: abeletxeen inguruan zenbait espezie basati (mikromamiferoak) aktiboki zaintzea, eta zenbait mikobakterio ez-tuberkulosok tuberkulinaren proban eragiten duten interferentzia-maila aztertzea. Emaitza hauen bitartez, tuberkulosiaren diagnostikoa hobetzeko informazioa lortuko da. Horrela, balio genetikoaren eta produktibitatearen galera saihestuko da, alferrikako sakrifizioak ekiditea lortuz. Honetaz gain, ez dugu ahaztu behar garapen bidean dauden herrialdeetan garrantzi berezia duen gaixotasun zoonotikoa dela mikobakteriosia, honen erakusle izanik, hilaren 24an Tuberkulosiaren Nazioarteko Eguna ospatzea.
PARACON (Genomikan, transkriptomikan eta PCR digitalean oinarritutako behi-paratuberkulosiaren diagnostikorako eta kontrolerako irtenbide berritzaileak eta integratuak) proiektuaren esparruan, ostalariak ekoiztutako markatzaile-immunologikoak detektatzeko tresna diagnostiko berri bat patentatzeko prozesuari ekin diogu. Era berean, paratuberkulosiaren aurkako erresistentziari lotutako markatzaile-genetikoak identifikatzea lortu dugu. Markatzaile horietako batzuk aldez aurretik egindako ikerketetan agertu ziren, behi-tuberkulosiaren eta mastitisaren aurkako erresistentziarekin erlazionatutakoak hain zuzen. Etorkizunera begira, agian posible izango da zenbait gaixotasun garrantzitsuri eraginkortasunez aurre egiteko gai den immunologia-sistema duten animaliak aukeratzea, horretarako Espainiako Frisonen Konfederazio Nazionalarekin (CONAFE), INIArekin, UPV/EHUrekin eta SERANArekin lankidetza estuan lan dihardugularik.
Gainera, PROBAK (Paratuberkulosiaren eta beste patologia batzuen kontrola immunogeno berrien bidez: babesa, DIVA diagnostikoa eta tuberkulosiarekiko interferentzia) proiektuaren esparruan , txerto zein probiotikoak erabiliz immunitate-sistema indartzea dugu helburu. Gainera, beste patologia garrantzitsu batzuetan, hala nola, mamitisean eta beherakoan, immunogeno horiek erabiltzeak dituen ondorio ez-espezifikoak aztertzen ditugu. Immunitate-sistema estimulatzen duen eta animaliak hainbat patogenori aurre egiteko prestatzen dituen produktu bakarra bilatzen ari gara, antibiotikoak erabiltzearen alternatiba gisa. 2020an, probatu nahi dugun probiotikoaren prestakuntzan aurrera egitea lortzeaz gain, behien neutrofiloen defentsa-mekanismo berri bat deskribatu dugu Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis mikobakterioaren aurka. Aurkikuntza horrek txerto berriak diseinatzen lagunduko digu.