2018an artaldeetan gertatutako abortu kasuen azterketa (EAE)

Artaldeetan gertatzen diren abortuen arrazoiak zeintzuk diren ikertzea erronka bihurtzen da urtero, diagnostikatzea zaila delako eta galera ekonomiko handiak dakartzalako. Arkastek kumeak izateko garaia oraindik bukatu ez bada ere, albaitariak abortu agerraldiak ikertzera animatzen ditugu eta lagin egokiak bidaltzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu (fetuak, karenak, odol – serumak eta utero jariakinak). Izan ere, kumeak izateko garaia berriz heltzen denean, egokiak diren kontrol neurriak ezarri ahal izateko, ezinbestekoa da arazoaren arrazoia ezagutzea. Honez gain, ezin genezake ahaztu, abortuak eragiten dituzten agente garrantzitsuenetariko batzuek gizakiengan (zoonosiak) eragina dutela. Urtea hasi zenetik, Animalia Osasun Saileko Diagnostiko – Laborategian, Euskal Autonomia Erkidegoan abortu arazoak izan dituzten 10 artaldetako laginak (fetuak, karenak, bagina-jariakinak edota serumak) jaso ditugu. Emaitzak ondorengo hauek izan dira:
Toxoplasma gondii-k eragindako abortuak (3 kasu); birus jatorria duen infekzio zehaztugabearekin bateragarria den abortua (malformazioak dituzten abortu kasuak, kasu 1); Q-Sukarrak eragindako abortua (kasu 1) eta bakterio bidezko abortu ez zehaztua (2 kasu).
Beste 3 artaldeetako laginetan egindako analisietan ez dira emaitza adierazgarriak ikusi eta ez ziren abortuak eragiten dituzten agenteekin bateragarriak diren lesioak ikusi. Beraz, kasuaren etiología egiaztatzea ezinezkoa izan zen.
Kasu hauetan, eta beti ere infekzio arrazoi bat dagoela susmatzen denean, lagin gehiago hartzea gomendatzen da. Horrela, diagnostikotik lortzen diren emaitzen arrakasta nabarmen handitzen delako. Gogorarazi nahi dugu ere, fetuak eta karenak bidaltzea ezinbestekoa dela diagnostikoan arrakasta izateko, agente bakteriano batzuek karena infektatzen dutelako (Chlamydia, Coxiella). Alabaina, beste batzuek egiaztatu ahal izateko, fetuaren lesioaren ikerketa egitea beharrezkoa da (Toxoplasma, Pestivirus). Bagina- jariakinek eta serum laginek, kasu batzuetan, diagnostikoa osatzen eta egiaztatzen laguntzen dute.
Aurten, aurreko kumeak izateko garaietan bezalaxe, Toxoplasma-ren garrantzia baieztatu da beste agente batzuen aurrean. Birus jatorria izan dezakeen kasuan, fetuek malformazio gogorrak ziztuen artikulazio mailan eta bai timo, tiroides eta biriketan ere. Ikerketa histologikoari esker, zera ikusi zen, SNC (mikrokabitazioak, gliosis-fokuak, desmielinizazioa, etabar) -ren gune desberdinetan birus bidezko infekzioarekin bat zetozen lesioak. Lesio hauek bat datoz Border edo Schmallenberg birusek eragiten dituztenekin, baina oraindik ez direnez bi agente hauen antigorputzak detektatzeko ikerketa serologikoak egin, ezin izan da kasuaren etiologia frogatu.
Lortutako emaitzetatik, zoonosiak sortzen dituzten agenteek eragindako abortuek inpaktu berezia dutela ikusi da ustiategietan dabiltzan pertsonentzat, Q-sukarraren kasuan gertatzen den antzera. Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, ELIKA-k, eta NEIKER-ek pasaden udazkenean egindako triptikoa eransten dizuegu (PDFa deskarga). Bertan, infekzio honen kontrolerako erabil daitezkeen neurri batzuen laburpena azaltzen delarik.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *